1.000 sinaduratik gora erregistratu ditu Artekubuk, Ondarroan arte gune bat sortu dezaten
Sinadurak aurkeztu aurretik EH Bildu eta EAJko ordezkariekin batu dira proiektua aurkezteko eta konpromisoak batzeko. Aitortu dutenez, udal ordezkariek begi onez ikusi dute proposamena, eta aukerak aztertzeko prest agertu dira.
Artekubu egitasmoko bultzatzaileek HAPOn arte eszenikoentzako gune bat sortzeko eskaera aurkeztu dute gaur [apirilak 17] udal erregistro orokorrean. Arte eszenikoek leku “duin” bat behar dutela eskatzen dute, eta proposamena babesten duten 1.178 herritarren atxikimenduak aurkeztu dituzte, manifestu bategaz batera.
Sinadurak aurkeztu aurretik EH Bildu eta EAJko ordezkariekin batu dira proiektua aurkezteko eta konpromisoak batzeko. Fede Badiola eta Maitane Uribe egitasmoaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez hurrengo urratsa udal gobernua osatzen duten talde politikoek egitasmoa “eureganatzea” izango dela esan dute. Aitortu dutenez, talde politiko biek begi onez ikusi dute proposamena, eta aukerak aztertzeko prest agertu dira. “Oso ondo joan dira batzarrak. Asmo onekin ikusi ditugu”.
Luzatutako eskaerari garrantzia ematea gustatuko litzaiekela adierazi diete udal gobernuko taldeei, eta HAPO deritzon egitasmoan sartzeko. “Herriko sortzaileek ez dute sormenerako leku aproposik eta Euskal Herrian sortutako hainbat ikuskizun ezin dira Ondarroan eskaini, horretarako espazio egokirik ez dagoelako. Artekubu proiektua Zeledonio eraikinean joatea begi onez ikusten dugu. Gure proposamena, hasiera batean, Zeledonion lekutzea izango litzateke, eta HAPOren barruan modu horretan agertzea eskatzen diegu”.