Erik Mendizabal puntista mutrikuarrak Hiruko Koroa irabazi du zazpigarrenez
Puntista mutrikuarrak denboraldi ikaragarria egin du, eta oraingoan ere marka guztiak hautsi ditu: kiniela gehien irabazi dituen puntista izan da (Most Wins), Banakako Txapelketako onena (Singles Championship) eta Binakako Txapelketako aurrelaririk onena izan da (Doubles Championship).
Erik Mendizabal Ameriketako Estatu Batuetako Dania (Florida) Jai Alai frontoiko jaun eta jabe bihurtu da berriz, bukatu berri den neguko denboraldiko Hiruko Koroa irabazita. Puntista mutrikuarrak denboraldi ikaragarria egin du, eta oraingoan ere marka guztiak hautsi ditu: kiniela gehien irabazi dituen puntista izan da (Most Wins), Banakako Txapelketako onena (Singles Championship) eta Binakako Txapelketako aurrelaririk onena izan da (Doubles Championship). Lehen Hiruko Koroa 2013 irabazi zuen, eta ordutik hona onenen artean sendo jarraitzen du; izan ere, zazpigarrenez lortu du titulu preziatua.
Mendizabalek, denetara, 127 kiniela irabazi ditu; tarte handiarekin irabazi ere. Atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Manu Ladutxe atzelari lapurtarra (108 garaipen), David Iturbide nafarra (87), Ruben Bailo nafarra (82) eta Diego Beaskoetxea gernikarra (76).
Buruz burukoan ere mutrikuarra izan da onena, 26 kiniela irabazita. Atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Diego Beaskoetxea gernikarra (19 kiniela) eta Xabi Barandika gernikarra (12). Binakako Txapelketan, bestalde, aurrelari onenaren titulua eskuratu du, 23 kiniela irabazita. 10 kinielako abantaila atera die Jon Zulaika donostiarrari eta Diego Beaskoetxea gernikarrari.
Aurten denboraldiko atzelaririk onena Mikel Amigorena arabarra izan da binakakoan, 16 kinielarekin. Atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Iñaki Urbieta zumaiarra (14) eta Unai Lekerikabeaskoa Leke gernikarra (13).