Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarra, txapeldun 5Kirol proban
Harrijasotzaile ondarrutarrak Aitzol Atutxagaz batera irabazi du herri kirolen txapelketa berritzailea. Xabier Orbegozo 'Arria V.'ari eta Jokin Eizmendiri nahikoa erraz irabazi diete.
Probari dagokionez, bi bikote aurkariak harri jasotzean, aizkoran, txinga eroaten, ingude altxatzen eta trontzan lehiatu behar izan dute. Egin beharreko lana honakoa izan da: 100 kiloko kopa bat ehun aldiz altxatu lau txandatan (harrijasotzaileak); 45 ontzako hamabi enbor moztu (aizkolariak) lau txandatan; txanda librean, 50 kiloko txinga banarekin hamabi plaza egin; txanda librean, hemezortzi kiloko ingudeagaz 150 ukitu; eta, azkenik, biek batera, 45 ontzako enborrari hamar mozketa egin behar izan zieten trontzarekin.
Urruzuno eta Atutxa II.a aurretik hasi dira, eta abantaila horri eutsi diote amaiera arte. Probaren lehen zatian bikote bakoitzeko parte hartzaileak banaka aritu dira, bakoitza bere modalitatean, eta lau txandak amaitu ostean, minutu inguruko tartea atera diote Arria V.ari eta Eizmendiri. Bikote bizkaitarrak 27 minutu eta 4 segundotan amaitu du lehen zatia eta gipuzkoarrak, berriz, 27 minutu eta 58 segundotan.
Eta hurrengo probetan denbora tartea handitzen joan dira Atutxa eta Urruzuno. “Proba irabazteko gakoa azken zatia izan dela uste dut. Izan ere, trontzan aritzeko zatira besteak baino zer edo zer indartsuago ailegatu gara. Denak ondo irten du, eta txapela janztea lortu dugu. Hori bai, final estua izan da; aurretik nahikoa berdinduta ibili gara. Txingetan, esaterako, soilik bi untzako abantaila izan dugu, eta hori ez da ezer. Indarrak gorde ditugu, eta topera aritu gara trontzan”.
Frontoia jendez beteta egon da. Datuak kontuan hartuta, 800 bat pertsona egon dira harmailetan. “Hainbeste jende harmailetan ikustea pozgarria iruditu zait, gutxitan gertatzen dira horrelakoak. Beti-betiko zaletuez gain, zaletu berri asko ikusi ditut. Eta hori oso garrantzitsua da. Etorri diren zaletu guztiei eskerrak eman nahi nieke, baita antolatzaileei ere. Herri kirolek horrelako bultzada bat behar dutela iruditzen zait, zerbait desberdina eta berritzailea. Ea kirolaren tenkada goraka joaten den”.