200 lagunetik gora batuko dira Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolaren 50. urteurren bazkarian
50 urte bete dira Mutrikuko Goizeko Izarra ikastola sortu zenetik, eta mende erdia betetzen dutela ospatzeko egingo dituzten ekimenen artean bazkaria egingo dute zapatuan [maiatzak 4] Miruaitz frontoian.
Ikastolak bere ibilbidearen parte izan direnekin batera ospatu nahi du urteurren borobila, eta hori dela eta, aspaldian batu gabe egon diren ikasle ohiak batu nahi dituzte bazkari erraldoi batean, eta eurekin batera, irakasle ohiak eta gaur egungo irakasleak ere gonbidatu dituzte ospakizunera. Zer ospatu badago ere, ekitaldia xumea egingo dutela nabarmendu dute; bertaratuko diren guztiak 50. urteurreneko kamisetarekin agertzera gonbidatu dituzte.
13:00etan Goiko Plazan batzeko hitzordua ipini dute, eta denak batu ondoren, argazki erraldoia aterako dute elizako eskaileretan. “Momentu polita izango da ikastolakoontzat. Polita izango da 200 lagunetik gora batera batzea”. Momentua irudi batean betiko ondoren, eta bazkaritarako ordua ailegatu bitartean, berriz, trikipoteoa egingo dute Mutrikuko tabernetan zehar.
14:30ean, berriz, frontoian batuko dira bazkaritan. Bazkariaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, aspaldi batu gabeko ikaskideak batzeko ekintza polita izango dela aitortu dute. “Dakigunez, ikastolaren sorreran egon ziren lehen ikasleak bertan egongo dira. Horiekin batera, tartean ikasten ibili direnak, eta orain gutxi arte gure ikasleak izan diren gazteak ere bai. Gelakideak batzeko aukera aproposa izango dela uste dugu”.
Egunari jai giroa emateko asmoz, Ezten giro taldearen erromeriarekin agurtuko dute ikasle ohien topaketa. Erromeria 18:30ean hasiko da Beheko Plazan. “Ez dugu gauza gehiago antolatu nahi izan. Aspaldi ikusi ez den jende asko batuko da bazkaritan, eta bazkalostean lasai eserita zer konta edukiko dutela uste dugu. Tertulia nahikoa luzatuko denez, erromeria nahikoa berandu ipintzea erabaki dugu”.