7.000 tona antxoa lehorreratu dituzte euskal portuetan
Bi hilabete bete dira antxoa kanpaina hasi zenetik, eta gaur [maiatzak 3] antxoa kanpainaren hasierako datuak ezagutarazi dituzte Getarian. Agertu dutenez, orain arte 7.000 tona antxoa lehorreratu dituzte euskal portuetan; dagoeneko kuota osoaren %60 arrantzatu dutela kalkulatzen dute.
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak nabarmendu duenez, kanpaina “bizi-bizi eta indartsu” hasi da. Antxoa kiloa, 1,23 euroan saldu da, bataz beste; iaz baino 20 zentimo merkeago.
Arrantzaleek gainera, hainbat neurri hartu behar izan dituztela azaldu dute; besteak beste, bandera ipini eta arrantza ontziak geldirik edukitzea, arrantza lanak errentagarri egiteko. Orozen esanetan, “merkaturako tamaina egokiko aleen deskarga masiboa” izan da —45etik 60ra ale kiloko—, baina “kontserbarako txikiegia”. Hain justu, Orozek zehaztu du kontserbena dela merkaturatze bide nagusia arrandegietan antxoa kontsumoak behera egiten duenean, eta arrandegietan gehiago kontsumitzera deitu ditu herritarrak.
Gaur, gainera, berdel kanpainari buruzko datuak ere eman dituzte. Jakitera eman dutenez, datuak iazkoak baino zer edo zer txikiagoak izan dira. 8.810 tona berdel lehorreratu dituzte, eta kiloko, bataz beste, 1,36 euroan saldu da.
Orozek oso positibotzat jo du berriki amaitu den kanpaiana. “Euskal kuotaren %100era ailegatu dira, eta, bataz besteko salmenta prezioa iazko ekitaldikoa baino handiagoa izan da”. Iaz, zehatz esanda, kiloa, bataz beste, 97 zentimotan saldu zen prezioa.