Belaustegik, Arreitunandiak eta Larrañagak irabazi dute Mutrikuko Ziriako Andonegi III. mikroipuin lehiaketa
Liburuaren Astea amaitzeko, eta Mutrikuko Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak antolatuta, Ziriako Andonegi III. mikroipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zuten barikuan [maiatzak 3] jendez bete-bete eginda egon zen Zabiel kultur etxeko areto nagusian.
Ohi modura, hiru sari banatu dituzte. Helduen mailako saria Unai Belaustegi Bedialauneta mutrikuarrak eskuratu du; oroigarria eta 500 euroko saria jaso ditu gerra gai nagusitzat dituen Sua lanagatik. 18 urtetik beherakoen kategoriaren irabazlea, berriz, Jane Arreitunandia Arrieta mutrikuarra izan da; oroigarria eta 200 euroko ordainsaria jaso ditu minbiziari buruz hitz egiten duen Zuhaitza lanagatik. Mutrikuar onenaren saria, azkenik, Joakin Larrañaga Arkotxak irabazi du; oroigarria eta 200 euroko ordainsaria jaso ditu transexualitatea gai nagusitzat duen Metamorfosia lanagatik.
Sariak banatu ahala, irabazleek testuak irakurri zituzten, eta, bukaeran, hiru ipuinak irakurri eta gero, agur modura bertso batzuk abestu zituzten Uxue Alberdik eta Andoni Egañak, lan sarituen gaiak hizpide hartuta.
Aurten, 120 lagunek parte hartu dute lehiaketan, eta Elena Cebrian Mutrikuko kultura zinegotziak nabarmendu zuenez, aurtengoa inoizkorik lehiaketa arrakastatsuena izan da. “80 lan aurkeztu dira helduen mailan, eta beste 40 gazteen mailan. Epaileei ere eskerrak luzatu nahi genizkieke, nahikoa lan izan dute eta”.
Sari banaketa egin aurretik, bestalde, bertso saio literarioa eskaini zuten Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariek. Danele Sarriugarte idazleak literatura gai nagusitzat ipinitako gaiei erantzun behar izan zien bertsotan.
Honakoak dira aurtengo lan sarituak:
- SUA (Unai Belaustegi Bedialauneta)
- Aitak txikitan oparitu zien fusilak ez zuen hutsik egiten. Etxean ondo ikasi zutenez, ezkerreko hanka lurrean sendo zapaldua zeukan. Belauna trinko. Gerrikoa estututa eta alkandora barrutik sartuta. Kulata eskuineko sorbaldan gogor eutsita. Atzaparra katuan irmo. Txapel gorria buruan. Bero gehiegi ematen zion txapelak, baina berandu zen kentzeko. Kopetako izerdia malkoekin batu zitzaion. Burua altxatu zuenean, anaiak baiezko keinua egin zion, hormatik. Begiak itxi zituen. “¡He dicho fueegoo!”.
- ZUHAITZA (Jane Arreitunandia Arrieta)
- Udaberriko argi izpiek eraginda irekitzen dira nire betazalak. Zapatak jantzi eta kanpora irten naiz, lorategirantz. Belarretan eseri naiz, goizeko ihintza sentituz behatzen artean. Freskotasunak barneratu nau, eta nire aurrean dagoen zuhaitzari begiratu diot. Zuhaitza, tinko, haize leunak hostoak laztantzen dizkion bitartean, udazkenaren zain dago; zain biluzik geratzeko. Baina ni jada biluzik nago, nahiz eta udaberria izan; nik ez dauzkat burua estaltzen zizkidaten ile kizkur horiek. Soil nago, baina barrua bizi-bizirik dut: Udaberriko txoriek piztu naute eta itxaropena dut, itxaropena zuhaitz atzean ezkutatzen den ospitaletik aldentzeko.
- METAMORFOSIA (Joakin Larrañaga Arkotxa)
- Aspaldian jasangaitza bilakatu zait soina. Sentimenduak zirimola ilunean biraka nabari ditut lehertze bidean, eta ikaskideen arteko erlazioek are zanpatuago sentiarazten naute, argi guztiak estaliz. Agindutako Franz Kafka-ren “Itxura-aldaketa” irakurri baino, irentsi egin nuen bart, eta, goizean, ispiluaren aurrean, irria nabaritzera iritsi naiz. Ezberdina izan zait eguna. Agur, Koldo! izan da entzun dudan azkena institututik etxeratzean. Garajera zuzenduz, motxilatik ateratako orrian hau idatzi dut: “Aita-ama eskerrak emandako guztiagatik. Maite zaituztet.” Eta txanpela langatik pasatuz, lakioa egin dut idunean, eta tenkatu. Zutik jarrita, belaunak tolestuz, irristatzen utzi dut nire gorputzaren zama leporaino, amets ilunean sartu arte, “Leire” esnatuko naizen esperantzarekin.