Talde berri eta anitza aurkeztu du Ondarroako EH Bilduk
Maiatzaren 26ko udal hauteskudeentara begira osatu duten hautagai zerrendaren aurkezpen ekitaldia egin zuen domekan [maiatzak 5] Ondarroako EH Bilduk. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkategaia buru duten taldea aurkeztu zuten bete-bete eginda egon zen Alamedako ekitaldian.
Adin tarte zein sentsibilitate ezberdinak islatzen dituen hamazazpi laguneko lantalde anitza aurkeztu dute. Taldeko kideek hainbat arlotan eskarmentu handia dute, eta urte luzez herrigintzan eta militantzian ibilitakoak dira. Talde guztiz berritua aurkeztu dute gainera. Aurreko agintalditik zerrendako lehen biek jarraitzen dute: Zunbeltz Bedialaunetak eta Eneritz Basurkok, hain zuzen.
Bedialaunetak eskerrak eman nahi izan zien azken lau urteotan udal lantaldean egon diren guztiei. Eta hurrengo hauteskundeetara begira ilusioz begira datozela nabarmendu zuen. “Proiektu berriekin eta egiteko dauzkagunak gauzatzeko asmoz gatoz. Herrigintzak ez dauka zentzurik herritarrekin egiten ez bada. Denok batera arraun egiten badugu, aurrera beti!”.
Koalizio abertzaleak datorren agintaldira begira dituen asmoak azaldu zituen. Lehentasunen artean, hutsik dauden 600 etxebizitza eskuragarri jartzeko neurriak aipatu zituen Bedialaunetak. “Etxebizitza politika bat garatu beharra dago, etxebizitza horiek herritarren eskuragarri ipintzeko”. Zeledonio Arriola eraikina udal ekipamendu eta zerbitzuen gune bihurtu nahi du EH Bilduk, “udalaren baliabideak optimizatzeko”.
Herrian dagoen aparkalekuen arazoa ere mintzagai eduki zuten. Herria oinezkoentzat arnasgune bihurtu nahi dute, baina horretarako, aparkaleku gune handiak egin nahi dituzte portu eremuan eta Zaldupe inguruan. “Epe motzera begira, Bizkaiko gotzaindegiarekin berba egin dugu, eta Txomin Agirreko aparkalekuak irekitzeko bidean gaude”. Era berean, Errenteria eta portua industriaguneak antolatu, berritzea eta suspertzea proposatzen dute.
Aurkezpenean, gainera, Maddalen Iriarte legebiltzarkidearen babesa izan zuten. Iriartek Euskal Herriko egoera politikoa aztertu zuen Alamedako oholtzan. Eta gogoan eduki zituen Ondarroan azken urteetan gerta direnak; Alamedan herritarrek egin zuten Zubi Harresia, Kamiñaldeko mendi magala erori zenekoa, izotz fabrikan hildako bi langileen ezbeharra edo Ekai Lersundiren heriotza.
Iriartek, gainera, Espainiako Gorteetarako hauteskunde orokorretan Ondarroan lortutako emaitzak txalotu nahi izan zituen. Eta EH Bilduk aurrera begira dituen maiatzeko hauteskundeei begira dituen erronkei buruz berba egin zuen. Mezu baikor eta indartsua eman zien Alamedara hurbildutakoei.
Honakoa da Ondarroako EH Bilduk udal bozetara aurkeztuko duen hautes zerrenda:
- Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga
- Eneritz Basurko Pagoaga
- Arantza Atxurra Aranguren
- Aritza Aristondo Natxiondo
- Irina Alkorta Bedialauneta
- Nagore Badiola Alberdi
- Pedro Lasarte Iparragirre
- Esti Arruti Osa
- Miren Lore Zabala Erkiaga
- Jesus Mari Gallastegi Alberdi
- Jon Iñaki Artetxe Egaña
- Itziar Irusta Argoitia
- Iñigo Badiola Lasarte
- Koldo Bakeriza Larrañaga
- Iker Zubikarai Gomez
- Keila Olabarria Goikoetxea
- Idoia Zengotitabengoa Laka