Antxoa pintxo lehiaketagaz hasiko dira girotzen Ondarroako XIX. Antxoa Eguna
Antxoa Eguneko egitaraua aurkeztu du Ondarroako Udalak. Aurtengo berrikuntza nagusia pintxo lehiaketa arinago ospatuko dela izango da, maiatzaren 15ean.
Pintxo lehiaketa hirugarren urtez jarraian egingo dute, eta tabernariek hala eskatuta aurreratu dutela nabarmendu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. “Tabernariek txapelketa zapatuan egin ordez, aste barruan egiteko proposatu digute. Eta parte hartzea erraztu aldera, maiatzaren 15era aurreratzea erabaki dugu. Hori bai, saria, ohi modura, Antxoa Egunean banatuko dugu, Zilarrezko antxoa eman ondoren”.
Aurten, gainera, pintxo txapelketa lekuz aldatzea erabaki dute; Alamedan egin ordez Beikozini aretoan egingo dute. Parte hartu nahi duten tabernek izena emateko aukera zabalik dutela gogorarazi dute.
Gainontzeko ekimenek maiatzaren 18ko egun osoko egitaraua osatuko dute. Jaia turruna hiru bidar jota hasiko da, eta hortik aurrera, beste hainbat ekimen ekarriko ditu Antxoa Egunak.
Urtero legez, antxoa pintxo dastaketa izango da eguneko ekimenik garrantzitsuena. Udal ordezkariek aurreratu dutenez, 5.000-6.000 pintxo inguru prestatzeko asmoa dute. “Kofradiari 500 kilo antxoa eskatu dizkiogu egun handirako”.
Ezkilantxarri, Gure Abixi, Pixape, Gau Hontza, Galizia Etxea eta Arranondo elkarte gastronomikoek sei eratara prestatutako antxoa pintxoak jarriko dituzte salgai, euro baten truke. Antxoekin egindako tortilla, antxoak pla-pla erara, kroketak, antxoak olio ozpin saltsan, gildak eta antxoa budina dastatu ahal izango dira herriko bederatzi kultur eta kirol taldeek jarriko dituzten postuetan. Antxoa pintxoak, gainera, herriko 26 tabernetan probatzeko aukera ere egongo da.
Baina, antxoa pintxo dastaketaz gain, beste hainbat ekintza ere ekarriko ditu jaiak Ondarroara. Horietan guztietan musikak leku berezia edukiko du antxoari eskainitako jaian. Eguerdian, esaterako, udal musika eskola trikitilariak eta pandero jotzaileak kalez kale ibiliko dira giroa alaitzen, eta, aldi berean, Kantaize abesbatzakoak itsas kutsua duten kantu herrikoiak abesten ariko dira Metal Taldeak lagunduta.
Eguna ere gerriak astintzen agurtuko dute jaiagaz gozatzera hurreratzen direnek. Musika Plazan DJ saioa eta kontzertua egongo dira aukeran.
EGITARAUA
- Maiatzak 15, eguaztena
- 19:00. Antxoa pintxo lehiaketa tabernentzako, Beikozinin. Saria Antxoa Egunean banatuko da.
- Maiatzak 18, zapatua. Antxoa Eguna
- 12:00. Jaiaren hasiera.
- Jarraian, antxoa pintxo dastaketa Alde Zaharrean eta tabernetan.
- Aldi berean, udal musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak kalez kale. Kantaize abesbatza eta Ondarroako Metal Taldea kantu kantari.
- 14:00. Zilarrezko antxoa ematea eta pintxo lehiaketako sari banaketa, Alde Zaharrean.
- 16:00. Estropadak Ondarroako badian, Bizkaiko Trainerilen Txapelketaren kanporaketa.
- 20:00. DJ saioa Musika Plazan.
- 22:30. Kontzertua Musika Plazan.
- Maiatzak 19, domeka
- 12:00. Estropadak Ondarroako badian, Bizkaiko Trainerilen Txapelketaren finala.