Aurrerako kadete nesken taldeak liga irabazi du
Talde ondarrutarrak 37 puntu eskuratu ditu ligan, Arratiak baino puntu bat gehiago. Arratiaren aurka ligako azken partidua irabazi ostean irabazi dute liga.
Aritz Retolazak eta Iñigo Kortazarrek entrenatzen duten Aurrerako kadete mailako nesken taldeak liga irabazi du estreinako, futbol 7 kategorian. “Txapelketa ofizial bat irabazten duten lehen aldia da”.
Domekan [maiatzak 5] Zaldupen 2-1 Arratiari irabazi ostean irabazi zuten liga, eta pozez gainezka ospatu zuten garaipena zaleekin batera. Hil ala biziko partidua jokatu zuten gainera, ordura arte Arratia baitzen ligako lehen sailkatua 36 puntugaz. Ondarrutarrek, berriz, 34 puntu zituzten, eta urrezko hiru puntuei esker 37 puntugaz amaitu dute liga.”Ligaren amaiera arte lehen bi sailkatuen arteko lehia pil-pilean egon da”.
Aurrerak omenaldia egingo die zapatuan [maiatzak 11] Zaldupen, Urdulizen aurkako partida hasi aurretik. Norgehiagoka 17:00etan hasiko da.
Aurrerako ordezkariek nabarmendu dutenez, datorren urtean ere nahikoa jokalari egonez gero liga berean jokatuko dute. “Gure ametsa futbol 11ko talde bat sortzea da, baina horretarako jokalari gehiago behar ditugu”.