Herritarrak erdigunean jartzen dituen programa aurkeztu du Ondarroako EAJk
Ondarroako EAJk egindako partehartze prozesuaren ondorioak, hauteskunde programa eta taldea aurkeztu zituen astelehenean [maiatzak 6] Kofradia Zaharrean. Taldea babesten Idoia Sagastizabal Espainiako Kongresuko diputatua egon zen.
Hauteskundeen harira abian jarritako parte hartze prozesuari esker, herritarren kezka eta eskaerak nagusiak ezagutu ahal izan dituzte, eta herritarrek egindako iradokizunak kontuan hartuta, “alternatiba eraginkor” bat eskaintzen duen herri programa aurkeztu dute Maria Dolores Etxano buru duten jeltzaleek. Eta egingo duten politikaren ardatza herritarrak izango direla azpimarratu du Etxanok. “Berdintasunean, elkartasunea, parte hartzean, justizian, jasangarritasunean, euskaran eta aniztasunean”.
Ondarroa bat eginik lelopean helburu zehatz bat dutela nabarmendu dute. “Egunerokotasunean ondarrutarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu, eta Ondarroak merezi duen lekuan ipintzeko martxan ipini beharreko proiektuak martxan ipini nahi ditugu”.
Aurkeztu duten egitasmoa “alternatiba eraginkorra” dela gaineratu dute. “Herritarren eguneroko bizi kalitatea hobetzeko, eta, etorkizunera begira, Ondarroak behar dituen aldaketak, etorkizunerako oinarriak finkatzeko”.
“Ondarroako etorkizuna bermatuko duten” programaren lerro nagusien artean aparkaleku arazoari irtenbidea eman nahi dio talde jeltzaleak. Eta horretarako hainbat ideia mahaigaineratu dituzte: Zaldupe atzeko aparkalekua optimizatu, hobetu eta mantendu; Txomin Agirreko aparkalekua ireki (129 plaza); txandakako doako TAO sistema, merkatariek eskatuta; Itsasaurreko parkineko proiektua berreskuratu… “Helburua herri barruan ibilgailuen joan-etorria gutxitzea da, oinez eta bizikletan ibiltzea bultzatu nahi ditugu, herri txukuna edukitzeko”.
Herritar guztiak kontuan hartuko dituen kale segurtasun eta irisgarritasun azterketa sakona egin dute, eta proposamenen artean Artabiden, Kaleandin eta Kamiñazpin igogailuak ipini nahi dituzte. Era berean, Kamiñazpi eta Zaldupe arteko zubi berria eraikitzea proposatu dute. Merkataritza eta turismoa bultzatzeko, berriz, bertoko kontsumoa (bertako produktuak balioan jarriz) eta merkataritza indartzea proposatzen dute, sektoreekin elkarlanean.
Aurkezpenean, gainera, abenduan zendutako Felix Aranbarri “Ondarroako lehen alkate demokratikoa” gogoan izan du zerrendaburuak. Ondarroako eta alderdiaren erreferentea izan dela nabarmendu du.
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako “esperientzia, hurbiltasuna eta ilusioa” duten taldea aurkeztu du Ondarroako EAJk. “Ilusio handiagaz gatoz, talde anitza dugu”. Honakoak dira zerrendakideak:
- 1- Maria Dolores Etxano Varela
- 2- Aitor Basterretxea Alberdi
- 3- Adina Carril Azkarate
- 4- Maria Rosario Iriondo Lejardi
- 5- Adrian Osa Ibarloza
- 6- Gorka Badiola Etxaburu
- 7- Aitor Maruri Txurruka
- 8- Miren Agurtzane Urresti Azpiri
- 9- Jon Aitor Oiarzabal Iriarte
- 10- Estibaliz Iraolagoitia Urrutia
- 11- Juan Mari Etxaburu Urrutia
- 12- Miren Josune Solabarrieta Aznar
- 13- Arantzazu Akarregi Akarregi
- Ordezkoak
- 14- Ainhoa de la Hoz Alonso
- 15- Joseba Arantzamendi Etxaburu
- 16- Miren Nekane Landaribar Basterretxea