Geolodia ekimenak Mutrikuko ammoniteak eta Ondarroako flysch beltza aztertuko ditu
Geolodia ekinbideari loturiko jarduerak egingo dituzte asteburuan. Zapatuan [maiatzak 11], esaterako, Gipuzkoako Geolodia ekimenak Mutrikuko ammoniteak aztertuko ditu, eta, domekan [maiatzak 12], berriz, Ondarroako flysch beltza izango du mintzagai Bizkaiko Geolodia ekimenak.
Zapatuan egingo den Mutrikuko ibilaldi gidatuaren izenburua Mutrikuko ammonite erraldoiak da, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta EHUk elkarlanean antolatuta egingo dute. “Bertako flysch beltza ezagutzeko aukera ezin hobea izango da, Geoparkeko flysch zaharrena, hain zuzen”, agertu dute Geoparkeko arduradunek.
Sei orduko iraupena duen ibilaldian, besteak beste, flysch beltza noiz eta nola sortu zen, Mutrikuko ammoniteak non bizi ziren eta zergatik ziren erraldoiak azalduko dute Mikel Lopez-Horgue EHUko Estratigrafia eta Paleontologia irakasle eta ikerlariak eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak. Tartean, Nautilus Interpretazio Zentroa, Mutrikuko hirigune historikoa eta zazpi hondartzak ezagutuko dituzte bisitariek.
Hori bai, Geoparkeko arduradunek azaldu dutenez, irteeran parte hartzeko leku guztiak beteta daude dagoeneko.
Domekan egingo duten Ondarroako irteeraren izena, berriz, Ondarroa: eta flysch beltza jaio zen da, eta EHUko geologia adituen eskutik, Saturraran eta Arbide paselekuaren artean dauden “Saturrarango lurmuturraren sekretu geologikoak” ezagutuko dituzte bertaratzen direnek. “Ingurune honetan flysch beltza ezaugarritzen duten fosil eta egitura ugari agertzen dira”.
Hitzordua 10:30ean ipini dute Saturrarango aparkalekuan. Izena eman nahi dutenek arturo.apraiz@ehu.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.
Geolodia ekimenari dagokionez, geologia eta geologoen lanbidea herritarren artean ezagutzera ematea du helburu. Ekimena 2005ean jaio zen Teruelen eta 2010az geroztik beste hainbat tokitan egiten da aldi berean. “Ibilaldi hauek inguruko paisaia begi geologikoekin ikusteko aukera eskaintzen dute. Era berean, ondare geologikoaren garrantziaz jabetzea eta ondare hau babestearen beharraz ohartaraztea dute helburu”.