Mutrikuko Larangako auzotarrak kexu dira, Galbaixon seinaleak "behar modura" ez dituztelako ipini
Seinaleztapenak hobetzea eskatu dute, bai Galbaixon, eta baita GI-638 errepidea moztuta dagoen hainbat tokitan.
Ia astebete igaro da Mutriku eta Deba arteko GI-638 errepidea itxi zutenetik, eta orduz geroztik, Laranga auzoko ostalaritza negozioetara doazen erabiltzaileek hainbat “ezusteko” hartu dituzte. Ostarilatza zerbitzuetako arduradunek seinale gehiago ipintzea, edo daudenak zehatzagoak izan behar dutela diote. “Gure ustez, kartelak ez daude behar bezala ipinita. Erabiltzaileak kexu dira”, nabarmendu dute.
Pikua, San Juan eta Arbera joaten diren erabiltzaileek seinaleztapena hobetu beharra dagoela iradoki diete. “Bisitari asko galduta ibili dira azken egunotan. Galbaixo gaineko bidegurutzera iristerakoan, seinaleek ermitaren atzeko gunera gidatu dituzte, baina han kartel bakarra zegoen; auzoaren izena soilik agertzen zuena, hain zuzen”. Hori dela eta, auzoko ostalariek neurriak euren kabuz hartu, eta bestelako informazio kartelak ipini dituzte ermitaren alboan, “erabiltzaileak gal ez daitezen”.
Ipini beharreko seinaleztapena obra egiten ari direnen ardura dela diote. “Bidea itxi orduko irtera-sarrerak ondo jarri eta seinaleztapena ere ondo jarriko zutela agindu ziguten. Bidea itxi zutela astebete igaro da, eta, oraingoz, guk hartu behar izan ditugu neurriak. Horrenbeste denbora behar al da panel bat edo seinale bat ipintzeko?”.
Galbaxoko ermitaren atzeko seinaleaz gain, beste bi seinale ere jarri dituzte Galbaixo gainean. “Mutrikutik gora igotzen den errepidean erabiltzaileak auzora nondik sartu behar diren adierazten duen seinale bat ipini dugu. Eta Sasiolatik datorren bidean ere, beste horrenbeste egin behar izan dugu. Aurreko batean, esaterako, Donostiatik etorri zen bezero bat ezin ailegatuta ibili zen. Bidea itxita zegoela ikusi zuen Deban, eta Galbaixotik Mutrikura heldu zenean auzora iristeko bidea ere itxita aurkitu zuenean alperrikako buelta eman zuela konturatu zen, seinaleak behar modura ipinita ez zeudelako”.
Bestalde, Ondarroako sarrera-irteeretan ere informazio panelak ipiniko zituztela agindu zieten aldunditik, baina horiek ere ez dituztela ipini ere salatu dute.