Ondarroako eta Deba arteko autobus anezka zerbitzua ez dela irisgarria salatu du Karenka elkarteak
Ondarroako Karenka elkarteko kideak kexu agertu dira Ondarroa eta Deba artean anezka zerbitzua eskaintzen duten autobusak gurpildun aulkientzat ez daudelako prestatuta. Aniztasun funtzionala duten herritarren eskubideak ez direla kontuan hartzen ohartarazi dute.
Agertu dutenez, anezka zerbitzua ematen ari diren autobusek ez dute plataformarik. “Horrenbestez, ez dute legerik betetzen, eta gure eskubideak ere ez dituzte kontutan hartzen. Zerbitzua inklusiboa izatea eskatzen dugu”.
Egoeragaz kezkatuta, arazoari irtenbidea emateko eskatu diote Lurraldebusi. Autobus zerbitzuaren arduradunek, aldiz, autobus irisgarriren bat erabili ahal izateko eskaera, gutxienez, 24 orduko aurrerapenagaz egin behar dutela erantzun diete. “Autobusa non hartuko dugun eta non bajatuko garen adierazi beharra dugu eskaera horretan, erabiliko dugun linea eta orduarekin batera”.
Autobusa non eta noiz hartu behar duten aurretiaz esan beharrak egunerokoa baldintzatzen diela nabarmendu dute. “Nahi dugun orduan eta tokira joateko askatasunik ez dugula iruditzen zaigu. Are gehiago, larrialdi bat izanez gero, zerbitzurik ez genukeela edukiko konturatzen gara. Gu ez gaude obrak egitearen aurka, baina beste edozein herritarrek duen eskubidea edukitzea eskatzen dugu, besterik ez”.
Eskaera egiterako orduan pribatutasuna ere galtzen dutela gaineratu dute. “Autobusa non eta noiz hartu eta nora arte erabaliko dugun adierazteaz gain, bestelako datu pertsonalak ere eman beharko ditugu eskaera egiterako orduan, izen-abizenak, NAN zenbakia, telefonoa… Edozein herritarri ez diote hainbesteko galderarik eta daturik eskatzen”.