Zapatuan Ondarroan manifestatzeko dei egin du pentsiodunen taldeak
Protesta, ohi modura, Alamedan hasiko dute 12:00etan, eta Alde Zaharrean amaitu. Ondoren, Bilbon irakurriko duten manifestu bera irakurriko dutela aurreratu dute. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan ere pentsioak jokoan daudela ohartarazi nahi dute.
Hauteskundeak gaine-gainean daudenaren aitzakiagaz, Hego Euskal Herriko pentsiodunek protestak egingo dituzte zapatuan [maiatzak 11] Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Ohartarazi dutenez, maiatzaren 26ko hauteskundeetan ere pentsioak jokoan daude, eta horregatik, pentsioen auzia kanpainan sartzeko eta euren eskaerak kontutan hartzeko eskatuko dute kalerik kale. Baina Ondarroatik Bilbora joan-etorria luze egiten dela kontuan hartuta, manifestazioa herrian bertan egitea erabaki dute Ondarroako Pentsionistak taldeko ordezkariek. Hitzordua 12:00etan ipini dute, Alamedan.
“Ikusirik Bilbora joan-etorria egiteko lau bat ordu behar direla, deialdia herrian bertan egitea erabaki dugu, herritarren erosotasunerako. Manifestazioa bertan eginda, gainera, jende gehiago batuko garela uste dugu”.
Gaur egungo pentsio publikoez gain, etorkizunekoak ere jokoan daudela gogorarazi dute. Horregatik, herriko gazteei ere manifestazioan parte hartzeko deia egin diete. «Hau guztia gazteen borroka ere badela azpimarratu nahi dugu. Euren etorkizuneko pentsioengatik ari gara borrokan. Astelehenero batzeko aukerarik ez duten herritarrei ere gonbidapen berezia egin nahi diegu».