Datorren astean erabakiko dira Berriatuko San Gregorio Txapelketako finalistak
Maiatzaren 18an [zapatuan] jokatuko dira Berriatuko 31. San Gregorio Saria-XI. Felix Aldazabal Memorialeko finalak, Mendibarren frontoian. Elite eta gazte mailako finalistak zeintzuk izango diren erabakita badaude ere, kadete eta nagusi mailako finalerdiak hurrengo egunetan jokatuko dira.
Kadete eta nagasi mailako finalerdiak, berez, zapatuan [maiatzak 11] jokatzeko antolatuta zeuden, baina eguraldi txarra, eta jaietako ekintzak tarteko, denak ez direla egun berean jokatuko adierazi dute Berritxu Zesta Eskolako arduradunek. “Zapatuan eguraldi txarra dago iragarrita, eta euria egiten badu, paellada frontoian egingo denez, ezingo dira partidu guztiak jokatu”.
Zapatuan, esaterako, kadete mailako finalerdi bat jokatuko da 09:30ean. Urrestiren eta Argotia I.aren aurka jokatuko dute Javierrek eta Diazek. Barikuan [maiatzak 10], berriz, kadete mailako beste finalerdia jokatuko dute Arrasatek eta Ametsek osatutako bikoteak Arratibel eta Morenoren aurka. 19:00etan hasiko da norgehiagoka.
Senior mailako finalerdiak, ostera, datorren astean jokatuko dituzte. Martitzenean [maiatzak 14], 20:30ean, Unaxen eta Txominen aurkako norgehiagoka jokatuko dute Eduardok eta Danelek. Eguaztenean [maiatzak 15], 19:30ean, Zuluagak eta Iparragirrek osatutako bikoteak Gotzon eta Etxaberen aurka jokatuko dute.
Elite mailako finalistak atzo [maiatzak 8] jokatutako partiduetan erabaki ziren. Finalean Patxi Tambourindeguyren eta Thibault Basqueren aurka nor baino nor indartsuago ariko dira Alex Hormaetxea bermeotarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra. Finalerdiei dagokienez, parditu oso biziak ikusteko aukera eduki zuten atzo Mendibarrenera hurreratu ziren zaleek.
Patxi Tambourindeguyk eta Thibault Basquek final estu-estua eta gogorra jokatu zuten Antxon Alberdiren eta Garitaren aurka. 30-29 irabazi zuten iparraldeko puntistek. Jon Tambourindeguyek eta Roberto Lekuek, berriz, 23-30 galdu zuten Alex Hormaetxeren eta Mikel Manzisidorren aurka.
Gazte mailako finala bertoko ordezkariek jokatuko dute. Zuhaitz Arrillaga eta Aratz Mendizabal Goixerri mutrikuarrek Ion Ibarluzea eta Jon Mugartegi Atain-en aurka norgehiagoka jokatuko dute
Txapelketari dagokionez, parte hartze aldetik jendetsua izan dela aitortu dute antolatzaileek. “Txapelketak, gainera, zale asko mugitzen ditu. Berriatuan zesta-punta jarraitzaileak goraka doaz, eta zorionez, azkenaldian joera hori goraka doala ikusi dugu”. Kadete, gazte, nagusi eta elite mailako finalak, azkenik, maiatzaren 18an jokatuko dituzte, 17:00etan hasita. “Aurretik, puntista gaztetxoen partiduak jokatuko dira, 16:30ean hasita”.