Ondarroako Galizia Etxeko kideek jasoko dute Zilarrezko Antxoa
Elkarteko kideek maiatzaren 18an jasoko dute sari preziatua Zubi Zaharraren azpian, Antxoa Egunean egingo diren ekimenenen artean. Sariagaz kolektibo modura 50 urtean egin duten beharra saritu nahi die udalak.
Ondarroako Udalak urtero-urtero Antxoa Egunean parte hartzen duen Galizia Etxeari emango dio 2019ko Zilarrezko Antxoa. Elkarteak 50 urte beteko ditu aurten, eta sariagaz urte guzti hauetan herrigintzan eta kulturgintzan egindako lana saritu eta eskertu nahi izan du udalak. “Urte horietan guztietan herrigintzan eta kulturgintzan parte aktibo izan dira, Antxoa Eguna moduko jaietan parte garratzitsu bat izateraino. Ondarroan aniztasunaren alde egin duten lana ere txalotu nahi dugu; denontzako izango den Ondarroaren alde lan egin dutelako”, agertu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.
50. eta 60. hamarkaden artean Ondarroara bizitzera etorri ziren galiziarrek sortu zuten elkartea 1969an,”Euskal Herrian Galiziaren luzapen bat sortzeko, eta bertan bizi diren galiziar eta ez galiziarrak senidetzeko asmoz”. Elkarteak ospakizun ugari antolatu izan ditu Ondarroako herriagaz batera, besteak beste, Santiago eta Karmen jaiak. “Egun horietan Galiziako produktu tipikoak dastatzeko aukera, baita Keimada famatua ere”.
Elkarteko kideek Antxoa Egunean jasoko dute sari preziatua Zubi Zaharraren azpian egingo den ekitaldian. Bedialaunetak aurreratu duenez, zilarrezko antxoa intsignia jaso ordez, plaka bat jasoko dute oroigarri legez. “Plaka banatuko dugun estreinako aldia izango da. Saritua norbanako bat izaten denean intsignia banatu izan dugu, baina saritua elkarte bat denez, plaka ematea egokiagoa dela iruditu zaigu”.
Galizia Etxeko kideek pozez gainezka jaso dute albistea. Armindo Peso Peso presidenteak eskerrak eman nahi izan die elkartea saria jasotzeko hautagaitzarako proposatu duten guztiei. “Esker ona adierazi nahi dugu, eta orain arte modura, aurrera begira ere Antxoa Eguna lakoxe ekintzetan parte hartzeko asmoa dugu”.
Elkarteak urtero parte hartzen du antxoaren omenezko jaian, eta saria jasoko dutela jakitea “ezusteko atsegina” izan dela nabarmendu dute. “Ez genuen espero. Aurten elkartearen 50. urteurrena ospatzen ari gara, eta elkartea aintzakotzat hartzea oso pozgarria da”.