Nora Garmendia eta Aitor Bedialauneta: "Herri guztia urteurrena geugaz ospatzera animatu nahi dugu"
Nora Garmendia Vidal (Ondarroa, 2000) eta Aitor Bedialauneta Etxebarria (Ondarroa, 1995) moduko boluntarioek egindako beharrari esker bete du Txirrimorraski Ondarroako denbora libre taldeak 30 urte.
Urteurrena aitzakia hartuta, belaunaldi bat baino gehiago batuko dituzue bazkaritan.
Aitor Bedialauneta: Gure asmoa belaunaldi bat baino gehiagoko herritarrak batzea da. Gaur egungo eta sasoi bateko gaztetxoak, begiraleak eta gurasoak batu nahi ditugu. Txirrimorraskiren sortzaileak ere tartean egongo dira, askok etortzeko asmoa dutela esan digute, eta hori oso pozgarria da guretzat.
Zein dago gonbidatuta jaira?
Nora Garmendia: Gonbidapen zabala egiten dugu, herritar guztiak gonbidatuta daude jaira. Azken finean, Txirrimorraski herritik sortutako taldea da. Herrira zabalduta dagoen talde bat gara, eta jaia ere horrela izatea nahi dugu. Jaia, gainera, oraindik Txirrimorraskigaz harremanik eduki ez duten herritarrak guregana hurbiltzeko aitzakia eder bat izan daiteela deritzogu.
Zer prestatu duzue?
A.B.: Antolatu ditugun ekintzak publiko zabalari begira antolatu ditugu. Jaiari hasiera txupin jaurtiketaz emango diogu, eta askorik aurreratu ezin badugu ere, eguna ezustekoren bateren bat edo bestegaz etorriko da. Goiz partean, gero, hainbat ekintza egingo ditugu herriko hainbat gunetan. Arrigorrin, tirolinan bota eta rappel egiteko aukera egongo da; Astillerun, ur jokoak egingo dira; eta Itsasaurren, tonbola, puzgarriak eta txapa tailerragaz gozatzeko aukera egongo da. Urteurrenera begira atera dugun materiala ere salgai edukiko dugu.
N.G.: Goizeko ekintzen ostean, Artelaneko buruhandiak, herensugea, erraldoiak… etorriko dira Itsasaurrera, eta kalejira egingo dugu Zaldupera. Hantxe bazkaritan batuko gara, eta bazkalostean, erritmoz betetako zumba saioa egingo dugu. Gerriak ondo astindu ondoren, Musika Plazarantz kalejira koloretsua egingo dugu. Egingo ditugun kalejirekin eta ekintzekin herri guztia urteurrena geugaz ospatzera animatu nahi dugu. Musika Plazara ailegatu ostean, musikaz gozatzeko aukera egongo da. Kontzertuak bi zatitan banatu ditugu, gainera.
Zein zatitan?
A.B.: Batez ere, txikienei begira, iluntzean erromeria egitea erabaki dugu. Gauerako, berriz, nagusiagoei zuzendutako kontzertuak antolatu ditugu.
Material berria ere salgai ipiniko duzue.
N.G.: Kamiseta eta jertseez gain, berritasun modura, poltsak ere ipiniko ditugu salgai. Diseinu bera daukaten zazpi konbinazio sortu ditugu.
A.B.: Kamisetetan ere, jaiari begira, hiru kolore berri atera ditugu: morea, beltza eta berdea.
Baina urteurren jaiagaz gain, aurretik ere beste hainbat ekintza antolatu dituzue.
N.G.: Egun baten batuko gara denok, baina herriko talde ezberdinekin elkarlanean maiatzean beste hainbat ekintza antolatu ditugu, urteurrena girotzen joateko.
OHARRA: elkarrizketa osoa papereko egunkarian.