Antzina, ermitaren kultuagaz zerikusia zuten azpiegiturez arduratzeaz gain, Santa Clarako serorek eginkizun berezia bat betetzen zuten. 1593ko eta 1638ko kofradiaren estatutuetan jasotzen da eginkizun berezi hori. Han agertzen denez, kofradiako maiordomoaren ardura zen ilun zegoenean eta mendebaletan sua pizteaz. Jarraian aipatzen da: “(…) dar orden a las seroras servidoras de la dicha hermita de Santa Clara hagan luminarias de noche cuando hubiere oscuridades y tempestades para que las pinazas y otros vaxeles que nabeguen por la mar asi de esta dicha villa como de las circunvezinas sepan donde son y hazierten venir al puerto”. Izan ere, Ondarroan, Santa Clara ermitako seroren mantenua arrantzaleen kofradiak ordaindu izan du betidanik.
Beranduago, seroren ordez, Artetakoak. XVIII. mendearen azkenengo urteetan, serora bakarraren aipamena egiten da. Kandelak piztuta mantentzeko ardura ematen zitzaion serora horri. Seroren figura makaltzen joan zen, eta haren eginkizunak murrizten. Urte haietarako, Arteta baserrikoak arduratzen ziren elizkizunetarako behar zen tramankuluez, eta baita gaueko suak egiteaz ere.
Gudu-ontziak begiztatzeko leku aproposa. XIX. mendean, gerrak zirela eta, talaiaren eginkizunak indartu egin ziren. Santa Clararen talaiatik primeran begiztatzen ziren gudu-ontziak, eta kokapen estrategiko hori dela eta, gudaren kalteak ere jasan zituen. Espainiako Independientzia Gudan (1808-1813) Ondarroa napoleondarren eskuetan gelditu zen arren, itsasoan ingelesak ziren nagusi. Frantsesek ez zuten Ondarroan indar militarrik kokatu, eta ondarrutarren esku utzi zuten herriaren zaintza.
Ondarroako portuko sarrera, gaur egun
1809ko otsailaren 28an, Santa Clarako talaian kokatzen zen zaindariak gudu-ontzi ingelesak ikusi zituen, eta Ondarroa aurretik igarotzen ari ziren frantziarren bi katamarani zeinuak egin zizkien, ingeles presentziaz ohartzeko. Baina zeinuok ingelesak ere ikusi zituzten, eta frantziar katamaranez jabetzeaz gain, herriko defentsak suntsitu zituzten. Bide batez, Santa Clararen ermita eta talaiako eraikinak eta tresneria bereziki zigortu zituzten, “(…) por señaz que hizo el vigia de este puerto (…) a dos fragatas inglesas entre Lequeitio y este puerto“.
Kokapen estrategikoa daukan ermita. Santa Clararen lehenengo aipamena 1487koa da, eta Santa Kutzeko komentu frantziskotarraren lehen aipamena 1484koa. “Frantziskotarrek Santa Clararen kultuaren sorreran eduki zuten eragina ikusteko, kontuan hartu behar da San Frantzisko eta Santa Clara santu bikiak direla arlo sinbolikoan”, jaso zuen Gotzon Iparragirre historiagileak 2006ko
Ondarroa urtekarian.
Ondarroako Historiazaleak taldeak kaleratzen duen urtekarian gogoratzen zenzez, Santa Kutzeko komentua ere muino batean kokatzen da, Santa Clara baino gorago, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan, itsasoari begira. Handik ondo baino hobeto ikusten zituzten arrantzaleen itsas hondamendiak eta hondamendiok saihesteko talaian egiten ziren suak. “Talaiako Suak eta Santa Clarak, biek, Argia sinbolizatzen zuten, hil ala biziko argia”. Historiagileak dioenez, horrek azaltzen du arrantzaleen elkartea zergatik deitu zen Santa Clara, eta ez San Pedro (arrantzaleen patroia). “Ikuspegi horretatik, gainera, askoz errazago ulertzen da Antiguako Ama edukita ere, Santa Clararen agerpenaren arrazoia: biak ere arrantzaleen babesleak dira, baina Antiguako Amaren eliza urrutiegi zegoen arlo praktikoan ezertan laguntzeko”. Antiguako Amaren gurtza utzi gabe, Ondarroako arrantzaleek beste babesle baten gurtza hasi zuten.