Arkaitz Goikoetxea (EH Bildu): "Dagoena hobetu eta Munitibarrek benetan behar dituen proiektuak gauzatuko ditugu"
Munitibarko EH Bilduk hautagaitzaren eta programaren aurkezpen ekitaldia egin du. Azken agintaldian modura, "herritarrak erdigunean jarriko dituen" politikak bideratzeko konpromisoa agertu du koalizio abertzaleak.
Aritz Ozerinjauregi eta Mikel Resurta zerrendakideen txalaparta doinuekin ireki zuen atzo (maiatzak 10, barikua) Munitibarko EH Bilduk Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako hautagaien eta programaren aurkezpen ekitaldia. “Azken lau urteotan hasitako bideari jarraipena ematea da talde honen asmoa”, adierazi zuen Uzuri Albizu aurkezleak, udal kudeaketa parte hartzailearen aldeko apustua berretsiz: “Bide horretan pauso garrantzitsuk eman ditu udal gobernuak azken lau urteetan, besteak beste, batzordeak sortuz, euskara batzordea, parekidetasun batzordea, jai eta kultura batzordea, hirigintza eta zerbitzuen batzordea… edota herritarren kezka zein ideiak eztabaidatzeko espazioak sortuz”.
Arkaitz Goikoetxea egungo alkate eta alkatetzarako hautagaiak udalak izango duen izaera parte hartzailea nabarmendu zuen. “Orain arte entzun ahal izan duzue gauzak zelan egingo ditugun, herritar guztien iritzi eta ekarpenak kontuan hartuta. Zer egin ere guztion artean pentsatu dugu, duela hilabeteetatik hasita; egitasmoak kanpotik udal barrura eraman nahi ditugu eta ez aldrebes. Egitasmoak bulegoetara eraman nahi ditugu denon iritziak kontuan hartuta eta ez bertan sortu. Eskerrik asko, programa hau osatzen lagundu duzuenoi, egindako lanagatik”.
Munitibarrek behar dituen hirigintza proiektuak gauzatzeko konpromisoa agertu zuen Goikoetxeak: “Dagoena hobetu eta herriak benetan behar dituen proiektuak gauzatuko ditugu. Etxe berriak egin beharrean zaharrak konpontzea lehenetsiko dugu, eraikita dauden herriko eraikinen egoera hobetzeko. Horretarako, udalaren hirigintza-aholkularitza bideratuko dugu egoera kaskarrean dauden eraikinak konpontzeko, dauden aukerak baliatzeko”.
Eta azken lau urteetan egin modura, auzoetako bizilagunen eskakizun eta beharrak “modu orekatuan lehenesten” ahaleginduko da EH Bildu, auzoetako munitibartarrak ere kontuan izanda Munitibarren bilakaeran. “Auzoetan bizi direnen beharrak jasotzeko auzo batzarrak antolatuko ditugu, eta bertan jasotakoari irtenbidea ematen saiatuko gara. Orain arte, eskariok nagusiki auzo bideei buruzkoak izan dira, bideen garbitasun eta mantenuari buruzkoak, eta horiei irtenbidea ematen saiatuko gara”.
Berdintasuna bultzatuz. EH Bilduk desberdinen arteko errespetuan eta aniztasunean oinarritutako harremanak bultzatzeko politikak egingo dituela azpimarratu zuen Ane Enbeitak, jatorri, adin, eros-ahalmen edo sexu ezberdintasunak ez dezan menpeko harremanik edo errespetu bariko harremanik eragin. “Horretarako, parekidetasun politikak ikuspegi feminista batetik arlo guztietara zabalduko ditugu, eta indarkeria matxistari erantzuteko jarduera protokolo bat idatziko dugu eta ezberdintasunak eragindako indarkeriaren aurkako sentsibilizazio-kanpainak landuko ditugu”.
Zerbitzuez ere mintzatu zen: “Herritarrentzako interesekoak diren zerbitzuak hobetuko ditugu.
Munitibarren bizitzeko ezinbestekoak diren zerbitzuak bermatzeaz gain, herrian bertan dauden zerbitzuak hobetzen ahaleginduko gara. Bestetik, ez dauden zerbitzuak martxan jarriko ditugu; horretarako, udal lokal bat atonduz eta edadetuak elkarregaz egoteko espazio bat egokituko dugu.
Etxebizitza hutsen arazoa ere aztergai izango dute udalean egonez gero, eta horiek zelan bideratu, behar duenak etxebizitza duina eskura edukitzeko. “Horretarako, bideratuko dugun zerbitzua izango da hutsik dauden etxebizitzak alokairu duinean jartzeko informazioa eta beharrezko laguntza emateko”.
Herriaren nortasunari lotutako garapena, euskara eta kultura eta herriko ondare historiko eta kulturala lantzeko ahalegin berezia egingo duen hautagaitza dela EH Bilduk eskaintzen duena aldarrikatu zuten, muntibartarrekin batera herritik eta herritarentzat prestutakoa aurrera eraman ahal izateko herritarren konfiantza eta parte hartzea ezinbestekotzat jotzen duena.
Hasi modura, musikaren doinupean amaitu zuten ekitaldia. Lorea Zulaikak Mikel Urdangarinen Kideari abestiagaz itxi zuen aurkezpena.
Kanpainak ez du etenik edukiko, eta datozen egunetan etxez etxeko programa banaketa egingo du Munitibarko EH Bilduk. Informazio banaketa gunea ere jarriko dute, eta kanpainagaz amaitzeko, maiatzaren 24an (19:30) beste ekitaldi bat egingo dutela iragarri dute.