Eneritz Aulestiak eta Julen Alonsok irabazi dute Markina-Xemeingo II. Helduen Trikitixa Txapelketa
2,5 punturen aldeagatik irabazi diete Xabier Etxanizi eta Ainara Saizarri. Goiz partean, ilara handiak izan dira Plazabarripean bildots erre pintxoak dastatzeko.
Uni frontoiko harmailak ia beteta eta oholtza trikiti doinuz gainezka. Markina-Xemeingo Helduen II. Trikitixa Txapelketak trikitilari onenen saioaz gozatzeko aukera eman die zaleei Baserri Egunaren baitan. Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña, Xabier Malbadi eta Ander Malbadi, Jose Luis Garmendia (Laja II) eta Eugenio Gisasola Lutxurdio, Ander Blasco eta Jon Ander Azkue, Jone Uria eta Julene Otegi, Julen Alonso eta Eneritz Aulestia, Edurne Iturbe eta Oihana Irastorza eta Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar izan dira bikoteak, eta ikusleek txaloz eta animoz jarraitu dituzte emanaldiak. Bihotz-bihotzez eskertu dute hori lehiakideek.
Hiruna pieza jo dituzte, eta Galder Elorzak, Xabier Aburruzagak eta Imanol Urkizuk osatutako epaimahaiaren erabakiz, Eneritz Aulestia zarauztarra eta Julen Alonso oriotarra izan dira irabazleak 424 puntugaz. Haiengandik 2,5 puntura geratu dira Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar (421,5). Hirugarren sailkatuak Edurne Iturbe eta Oihana Irastorza izan dira (404,5) eta laugarrenak Mirari Azkune etxebarritarra eta Aintzane Agirrebeña (375). Irabazleek txapelak 1.000 euro eta oroigarriak jaso dituzte; bigarrenek 700 euro eta oroigarriak, hirugarrenek 600 euro eta oroigarriak eta laugarrenek 300 euro. Bosgarrenetik zortzigarren postura artean geratu dira Xabier eta Ander Malbadi, Ander Blasco eta Jon Ander Azkue, Laja eta Lutxurdio eta Jone Uria eta Julene Otegi. 250 eurona jaso dituzte horiek. Horrez gain, Hamen Bertokoaren produktuak jaso dituzte opari parte hartzaile guztiek. Irabazleen saioagaz amaitu da txapelketa. Etenak izeneko piezagaz, euren ondoan ez dituztenak gogoan; emozioz.
6 eta 14 kilo arteko piezak prestatu dituzte, 3o denetara, inoizkorik kopuru handiena.
Giroa ez da, baina, arratsaldean hasi. Plazabarripe baserritarren postuz bete da goiz-eguerdi partean. Toka txapelketa eta txirrista dibertigarria frontoi txikian eta bertoko ekoizleen produkturik preziatuenak azoka eremuan. 10:00etan hasi dira bildotsak erretzen Elorrioko Carlos Ibarrondoren taldekoak.
6 eta 14 kilo arteko piezak prestatu dituzte, 3o denetara, inoizkorik kopuru handiena. “Onena hiru ordutan egitea litzateke, baina bero gehiago jarrita behean, 2 ordu eta erdian prest egongo dira”. Iaz 27 eta iaz lehenean 25 bildots ekarri zituzten. “Gero eta gehiago eskatzen dizkigute, eskaria gehituz doan seinale. Poztekoa da guretzat hori”, adierazi dute Ibarrondoren taldekoek. Salmentak ez du hutsik egin gaurkoan ere. Ez amaitzeko ilarak izan dira bildots pintxoak jateko.
Pintxo sariketa. Eneko Arratek gidaturik, Hemen be Bai merkatari eta ostalari elkarteak antolatutako Pintxo Bidean lehiaketaren sari banaketa egin da 12:00etan. Joan den eguenean igaro zen Jesus Portugal Ermuko Gastronomiako lehendakariak eta Pantxo Bedialauneta Ondarroako Kantabriko eta Aitor Maguregi Oletako Ibai-gane jatetxeko sukaldariek osatutako epaimahaia tabernetatik, pintxoak dastatu eta ebazpena emateko. Sari orokorra Sebas tabernak irabazi du, Kilometro 0 saria Zeharka tabernak eta zozketa Artzeiz Bilbaok. Elkarteko establezimenduetan gastatzeko 50 euroko bonua eskuratu du Bilbaok. Elkartekideak oso pozik daude: “2.360 pintxo saldu ziren, eta emaitzagaz oso pozik daude tabernariak. Ekinena errepikatzeko asmoa daukagu”.Â