Plaza bete jende batu da Berriatuko San Gregorio jaietako paella janean
33 kuadrillak aritu dira paella prestaketan, eta 29k aurkeztu dute sasoiz. Arroz puntuak erabaki du irabazlea estu-estu egon den lehiaketan. 7 zenbakia izan da goxoena epaileen iritziz.
Urtetik urtera jende gehiago erakartzen du San Gregorio jaietako bigarren asteburuko paella janak. Gaurkoan (maiatzak 11, zapatua) 753 ume, gazte eta nagusi izan dira plaza jendez lepo bete dutenak. Euri arrisku txikia zegoenez, azkenean plazan muntatu dituzte mahaiak, eta apurka-apurka, inguruko aterpeak paellak prestatzeko osagaiez eta jendez betetzen joan dira. 14:00etarako aurkeztu behar zituzten udaletxe sarrerako eskaileretan, eta umore onez aritu dira prestaketetan.
33 kuadrillak izena eman dute paella txapelketan, baina lauk ezin izan dute prestatutakoa sasoiz aurkeztu. Hortaz, 29 paellen artean aukeratu dute epaileek irabazlea. Joseba Malasetxebarria izan da epaimahaikide bat, eta berak eman du jakitera irabazlearen izena: 7 zenbakia izan da goxoena. Paellaren itxura, zaporea eta arroz puntua hartu dituzte kontuan, eta azken horrek erabaki du garailea. “7 zenbakiak eta beste batek berdindu egin dute puntuetan, eta arroz puntuak erabaki du azkenean irabazlea”. Pozik jaso dute txapela irabazleek. Dena dela, saririk onena lagunartean ondo pasatzea izaten da gaurko egunez. “1.200 biztanleko herri baten 750 lagun herriko plazan batzea itzelezko meritua da”, adierazi du Malasetxebarriak.
Gaur gauean kontzertuek hartuko dute jai eremua, eta egitarauak ez du etenik izango bihar (maiatzak 12, domeka) iluntzera arte. Bihar eguerdian, herri kirolak izango dira protagonista. Aitzol Atutxa dimoztarraren, Ugaitz Mugertza mutrikuarraren eta Inhar Urruzuno ondarrutarraren erakustaldiaz gozatu ahalko dute zaleek. 20:00etan agurtuko dute Kaxero Gaupasero.