Emandako hitza bete dutela nabarmendu du Mutrikuko EAJk
Mutrikuko EAJren lantaldeak astelehenean [maiatzak 13] aurkeztu zuen maiatzaren 26ko hauteskundeetara aurkeztuko duen taldea eta programa. Taldea babesten Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urola hauteskunde barrutiko zerrendaburua egon zen.
Zabielen egindako ekitaldi politikoan Jose Angel Lizardi alkategaiak nabarmendu zuenez, emandako hitza bete dute. “Krisi ekonomikoak udal ekonomia egoera larria utzi zuen, eta bide onean jartzea izan da gure helburu nagusietako bat. Eta bide horretan emandako hitza bete dugu. Egindako lanari esker Mutrikuko ekonomia osasuntsu dago datozen erronkei aurre egiteko”.
Era berean, orain lau urte modura, pertsonak erdigunean jartzeko konpromisoa hartzen dutela berretsi zuen. “Adostaun politikoa lehenetsi dugu eta lehenetsiko dugu mutrikuarren beharrei erantzun baterakoi bat eskaintzeko. Denak entzun, kritikak ere jaso, eta daukagun guztia eskaintzeko prest gaude”.
Ekintzak aurrera eramateko “ilusioz eta lan egiteko gogoz datorren” hamasei laguneko taldea aukeztu zuten jendaurrean. “Programa aurrera eramateko ezinbestekoa da lantalde egokia izatea, eta talde bikaina osatu dugula esan dezakegu. Nire ondoan lanean ondorengo taldea izango dut: Ion Gambra, Elena Cebrian, Xabier Eizagirre, Rosarito Rementeria, Joseba Antxustegi, Xabier Egurbide, Izaskun Iparragirre, Bittor Andonegi, Esther Urresti, Koldo Burgaña, Oihana Iparragirre, Iñaki Arrizabalaga, Uxue Antia, Aitor Agirretxea eta Miren Beristain”.
Proiektu berri ugarirekin osatutako programa aurkeztu zuten, eta bertan jasotakoa betetzen ahaleginduko direla azpimarratu zuen Lizardik. Proposatu dituzten neurrien artean irisgarritasuna hobetzeko hainbat neurri hartuko dituztela azaldu zuen Lizardik. Besteak beste, Fondaberri osasun etxearekin eta San Agustin kalea komendu paretik San Migel kalearekin lotuko lituzkeen igogailuen proiektuak idatzi nahi dituzte. San Agustin kalean, gainera, oinezkoak lehenetsiko dituen hobekuntza integrala proposatzen dute. “San Agustin kalea eguneratzea beharrezkoa dela deritzogu”.
Mijoako saneamendu lanak ere izpide izan zituen Mutrikuko zerrendaburuak. “Gerra dexente emanda lortu dugu. URA agentziak 2020ko bukaera aldera saneamendua hobetzeko lanak egingo dituela esan digu”. Eta behin saneamenduko lanak amaituta, Saturraraneraino doan bidegorria egiteko kudeaketa lanak egin nahi dituztela esan zuen. “Lehenengo kontaktuak egin ditugu, eta proiektua gauzatzen saiatuko gara. Proiektu garrantzitsua da, eta hainbat herritarrek egindako eskariari erantzungo lioke”.
Herriko ondarea babestea ere ezinbestekotzat jo dute jeltzaleek. Herriko jauregiek zaintza behar dutela aitortu zuen Lizardik. “Etxe horiek txukundu eta hobeto jartzeko diru laguntzak bideratzen saiatuko gara”. Arkugainen, bestalde, itsasoko ondarearen museo bat antolatzen ari direla agertu zuten eta suak erretako Kofradia Zaharra berritzeko asmoa agertu zuten. “Bentalekua berrituko dugu”.
Ingurumen arloak, azkenik, baserritarrek pinuarekin duten “arazo larria” ere mahaigainera atera zuten. “Baserritarrak ere gure lehentasunetako bat dira. Udal arauak hor dauden arren, gure asmoa da eurei entzun eta euren kezkak jasotzea. Eta arazoari irtenbidea emateko aukerarik badago gu hor egongo gara errazteko. Hori bideratzen ahaleginduko gara”.