Eluk, Burgoak, Arraun Taldeak eta Kubillok pozik jaso dute Ondarroako 2016ko kirol saria
2016ko kirol sariak banatu zituzten aurreko barikuan [maiatzak 10] Kofradia Zaharrean egindako ekitaldi xumean. Ohi modura, eta ibilbiderik onena kontuan hartuta, lau sari banatu zituzten: urteko kirolaria emakumezkoa, urteko kirolaria gizonezkoa, urteko kirol taldea eta aipamen berezia.
Unai Barrenetxea kirol zinegotziak azaldu zuenez, hainbat arazo tarteko, nahi baino beranduago banatu ahal izan dituzte sariak. “Agintaldi zaila izan da. Diruaz arazo asko eduki ditugu, eta horrek gauzak antolatzerako garaian nahikoa mugatu gaitu. Baina, zorionez, bi urte beranduago bada ere, eta ahalegin handia eginda, sarituei zor genizuen ekitaldia burutzera ailegatu gara, sariak banatzea ahalbidetuz”.
Ohi modura, lau sari banatu zituzten. Nagore Eluk emakumezkoen saria jaso zuen. Elu, esaterako, ume-umetatik ibili da kirolean. Judon hasi zen, eta ondoren, futbolean, txirrindularitzan, arraunean eta triatloian ibili da, besteak beste. Azken urteotan emaitza oso onak lortu ditu triatloian zein mendiko bizikleta zirkuituetan.
Arnaitz Burgoak, berriz, gizonezkoen saria jaso zuen. Herriko beste hainbatek modura, futbolean hasi zuen kirol ibilbidea, eta ondoren, txirrindularitzari ekin zion. Azken urteotan, triatloian ibili da, eta hainbat Ironman egiteko aukera ere eduki du; tartean Hawaiko proba ezagunean parte hartzeko plaza lortu zuen.
Taldearen saria Ondarroa Arraun Elkarteak eskuratu zuen. Arraun taldearen sorrera eta lortutako lorpenak gogora ekarri zituzten taldearen ibilbidea laburbiltzen zuen bideo batean. 2016 urtea, esaterako, bereziki oparoa izan zen nagusi mailako gizonezkoen taldearentzako. Ligako 15 estropadatik 13 irabazi zituzten, TKE ligara igotzeko txartela lortuz.
Azkenik, aipamen berezia saria jaso zuen Jabier Urkiri Kubillo-k. Bizitza oso kirolari lotuta egon delako, eta bizi osoan kirolari eman dion dedikazioagatik saritu dute. Saria erabat hunkituta jaso zuen, eta emazteari eskaini zion. “Nik egindako lana Antigua Etxebarria nire emaztiari esker egin ahal izan dut, eta sari hau hein handi batean berea dela ere badela esango nuke”. Esker oneko berbak eduki zituen Urkirik, eta gainontzeko saritu guztiek egindako lana ere goraipatu zuen.