Iratxe Arriola: "Eskualdea gai izan behar da eguneroko beharrei erantzuteko"
Eako alkatea da Iratxe Arriola (Ea, 1980), eta herri horretarako EH Bilduren alkategaia ere bada. Foru hauteskundeetarako hautagaitzan ere zerrendako burua da Busturia-Uribe barrutitik.
Zer dauka Iratxe Arriolak bizkaitarrei eskaintzeko? Eta Busturialde-Lea-Artibaiko bizilagunei?
EH Bilduk bizkaitarrei eskaintzeko duena da 0 Kilometroko politikak egitea, bertatik bertarakoak: elikaduran, osasunean, aisialdian, kulturan, kirolean, enpleguan… Arlo guztietan eskualdea gai izan behar da eguneroko beharrizanei erantzuteko. Gaur egun hainbat gabezia daude: Gernikako ospitalea ez da benetako ospitalea, garraio zerbitzuak asko dauka hobetzeko herri txikietan, baita tren sareak ere… Populazioaren %70ak Busturialdetik kanpora joan behar du egunero. Horrek esan nahi du bertoko enplegua suntsitu egin dela.
Herritar denak kontuan hartuta garatu gura dituzue proiektuak. Nola bermatu parte hartze hori?
Herritarrak kontuan hartzeko, lehenengo aktibatu egin behar dira, eta horretarako, bitartekoak edo tresnak jarri behar dira. Aukera eduki behar dute aktiboki parte hartzeko, eta horretarako kanal aproposak zabaldu behar dira, herritarrek non eragin izan dezaten. Politikak non egin eduki behar dute. Horregatik diogu denokin batera egin nahi dugula politika. Gu, behintzat, bidelagun izango gaituzte esan dugun markoan mugitzen direnak; hau da, bertora begirako gauzak bertotik sortzeko lanean ari direnak.
Politikak adar asko ditu. Zein da lehentasuna EH Bildurentzat Busturialdean eta Lea-Artibain?
Guretzat oso garrantzitsua da 0 Kilometroko politikak egitea enpleguari dagokionez. Hau da, bertoko industriaren alde egitea eta ekonomia zirkularraren alde egitea. Nekazaritzan ere, sozialki eta ekonomikoki bideragarriak diren bitartekoak jarri eta nekazaritza sostengarri baten alde egitea da asmoa. Guretzat garrantzitsua da berton gure bizi proiektua garatzeko aukera izatea. EAJk hiriburuetara begirako politika egiten du, eta kapital ekonomiko guztia eta soziala han biltzen da. Guk nahi duguna da lurraldea kohesionatu, eta lurraldea kohesionatzeko egin behar dira politika deszentralizatuak. Politika solidarioagoak egin beharko lirateke lurraldeagaz, enpleguari edo zerbitzuei bideratuta, kasurako. Eta horiek izan daitezke Busturialdean eta Lea-Artibain, esate baterako, zentralitate bat lortu behar dutenak oreka bat egoteko. Denok eduki behar dugu aukera berdina zerbitzuetarako eta lanerako, eta gure asmoa da posible izan dadila bai Lea-Artibaiko zein Busturialdeko bizilagunek Bilbo handian bizi direnen aukera berberak izatea zerbitzu horietara heltzeko.
“Garrantzitsua da 0 Kilometroko politikak egitea enpleguari dagokionez. Herritarrek aukera eduki behar dute politikan aktiboki parte hartzeko”
Ekonomia berpizteko premiari buruz asko hitz egiten da hauteskunde aurretik. Zelan berreskuratu daiteke Busturialdeko sare industriala? Eta lehen sektorearen jarduera?
Lehenengo sektoreari begira, kontua da errentabilitatea oso eskasa dela kontuan izanda zein prezio ordaintzen den produktu bakoitzagatik. Bizi mailak gora egin du, baina justu lehen sektoreko produktuetan ez, eta errentagarritasuna hobetu behar da. Hau da, ondo eta duintasunez bizitzeko modu bat izan behar da lehenengo sektorea. Lurrak egon badaude, eta hori faktore garrantzitsu bat da. Eskari bat ere badago, eskola jantokietatik eta kontsumo taldeetatik datorrena. Horiek lotu eta posible egin behar da horietatik duintasunez bizitzea, zentzuduna da, eta edozein herrialdek egingo lukeena. Adibidez, aspaldiko kezka bat da Bizkaian ez dagoela hiltegirik, eta behar da. Transformazio gelak ere behar dira, produktuei balio erantsi bat ateratzeko. Eta prezioek duinak izan behar dute, duinak baserritarrentzat eta kontsumitzaileentzat. Basogintzan ere berdin, pinudien krisia izugarrizkoa da. Alemanian, aspaldidanik, politika diferenteak egiten dituzte basoen dibertsifikazioagaz kalitatezko egurra ateratzeko, eta horri lotutako transformazio industria bat bideratu dute. Ausartak izan behar gara, eta ekonomikoki errentagarritasuna atera basoetatik ere. Arrantzagaz ere, argi dago zerbait egin beharko dela. Asmatu beharko da, baina seguru horretan ere erantzuna transformazio industria bideratzetik etorriko dela; hau da, balio erantsia ematetik produktuari. Industriari dagokionez, baliabideak baliatzea da gauza zentzuzkoena. Bigarren sektorea ere lehenengoaren traktore izan daiteke, lagunduko diona. Azken finean, kapital naturala eta kapital soziala (humanoa) batuta, kapital ekonomikoa sortuko da.
Uraren arazoa ere sarritan izan da zuen kezka. Busturialdeak Bilbao Bizkaia Partzuergoaren beharra dauka? Zein da zuen planteamendua?
Gure planteamendua da ura ere bertotik bertora kudeatzea. Azken kontseilu orokorrean esan zutenez, 4 milioi euro zeuden kutxan, inbertsioetara bideratzeko. Horrek esan nahi du eguneroko kudeaketa egitetik aparte eta ordaindu behar direnak ordaindu ostean, dirua sobratu egiten dela, eta inbertsioak egiteko aukera dagoela urtero aurrekontuen %20ko batean. Hori asko da; beraz, guk uste dugu aurrera begira ere hurbileko gestioa egin behar dela. Hurbiltasun horrek ematen digu kontrolerako aukera handiagoa. Esan behar da azken urte hauetan guk aldeko botoa eman dugula Busturialdeko Ur Partzuergoan, ez dugu egin politika zatarrik, ezta kontra egin arrazoirik gabe. Zerbait bide onetik badoa, guk horren alde egiten dugu. Hala ere, ez gaude ados Bilbao Bizkaia Partzuergoagaz bat egiteagaz, eskala urruntzetik aparte, kontrola galtzen delako. Bertoko baliabideak erabili beharrean ura kanpotik ekartzea izango delako planteamendua, eta erabakiguneak bertotik kanpora egongo lirateke. Ur partzuergoa berton mantentzeak suposatzen du urtean 500.000 euro inbertitzea bertoko ekonomia lokalean, bestela galdu egingo liratekeenak.
Eskualde bizia eta iraunkorra gura du EH Bilduk. Nola egin?
Herri biziak eta bizimodua berton egin ahal izatea da guk nahi duguna. Aukera edukitzea gure egunerokotasuna berton egiteko: erosketak, medikuak, espezialistak, musika kontzertuak… Aukera denak eskura edukitzea eskualdean bertan. Bizia izan behar du alde horretatik eta, era berean, iraunkorra. Gure politiketan iraunkortasuna txertatzen ez badugu, epe laburrerako politikak izango dira. Guk, agian, ez ditugu ondorioak pairatuko, baina gure seme-alabek bai. Beraz, iraunkortasuna bermatuko duten politikak egin behar ditugu, gauzak birlokalizatuz, bioanistazuna zainduz, ura ondo kudeatuz, basoak ondo kudeatuz, garraio politika zuzenak inplementatuz… Politiken erdian jarri behar dira pertsonak eta ingurumena. Zentzu horretan, oinezkoentzat eta bizikletentzat ibilbideak egitea proposatzen dugu, eskualdeko herriak lotzeko, txikitik handira eta handitik txikira saretzeko.
Kultura, hizkuntza eta komunikabideak. Foru Aldundiak HITZA egitasmoa laguntzearen alde zaude?
Zalantzarik gabe. Bertoko hedabideak eta gure hizkuntzan lan egiten dutenak nahitaez lagundu behar ditugu. Bertotik bertorako politikak egingo baditugu, zentzu denetan egingo ditugu, eta HITZArena beste adibide bat da. Gainera, laguntzea guztiz bateragarria da gure ildoagaz. Gure nortasuna, identitatea eta kultura ez baditugu zaintzen, gure gizartean eragina edukiko du. Garrantzitsua da zaintzea daukaguna, eta mantentzea. Gure altxorretako bat delako, logikoa da gure baliabideak horretara bideratzea.