Unai Rementeria: "Gure programaren %96a bete dugu; gure hitza bete dugu"
Unai Rementeria (Mundaka, 1973) Bizkaiko ahaldun nagusia da gaur egun, eta datozen foru hauteskundeetarako zerrendaburua da. Bizkaia orain lau urte baino hobeto dagoela dio, eta hobetzen jarraitzeko lanean jarraituko duela.
Amaitzear dagoen agintaldian enplegua sortzea lehenetsi duzue. Orain lau urte baino 30.000 langabetu gutxiago daudela esan berri duzu. Ze neurri hartuko dituzue Bizkaian langabezia gutxitzeko? Eta Lea-Artibain eta Busturialdean?
30.000 langabetu gutxiago daude Bizkaian, 412 gutxiago Lea-Artibain eta 877 gutxiago Busturialdean. Duela lau urte baino hobeto gaude, baina ez gara lokartzen. Oraindik 60.000 pertsonatik gora daude lanik gabe Bizkaian. Horiek dira gure kezka. Bizkaia industria da, eta industria izaten jarraitzeko proiektuak ditugu. Industriako enplegua kalitatezko enplegua delako. Bizkaia osorako proiektu garrantzitsuak ditugu. Gure enpresen ekintzaileentzako zentroa izango den Bizkaia Dorrea da adibiderik onena. Bizkaia osoarentzako proiektua. Proiektu politak ditugu etorkizunerako. Eskualdeko enpresa askorekin egon gara, eta eskualdeetan giltzarri diren enpresen ondoan egoten jarraituko dugu. Urtarrilean Gernikako elkartegia zabaldu genuen. 20 bat enpresa zeuden, hasieratik, bertan sartzeko prest. 50 lanpostu. Baina helburua elkartegi honek horren hirukoitza sortzea da, 150 lanpostu. Bizkaiko enpresariek 7.500 lanpostu sortzea aurreikusi dute, eta Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzak 1.500 epe laburrera. Bi albiste garrantzitsu dira.
Ingurumena izango duzue ardatzetako bat. Kostaldea zaindu eta sustatu gura duzue Muskizetik Ondarroaraino. Ze proposamen zehatz dituzue Busturialderako eta Lea-Artibairako?
Zer da Bizkaia? Itsasadarra, berdea eta kostaldea, kostalde izugarria. Bizkaia osoarentzako proiektua dugu, bai eta kostaldearentzako ere. Kosta aukera nabarmena da kostaldeko herrientzat. Hainbat gauza egiteko asmoa dugu. Proiektu politak. Bizkaian labar artea duten 16 kobazulo ditugu. Mundu mailan erreferenteak gara, eta altxor hori aldarrikatu eta partekatu egin behar dugu. Horretarako gune ezberdin bat behar dugu, espazio berri bat, eta Lea-Artibain egingo dugu. Bizitasuna emango dio eskualdeari eta Bizkaia osoari. Erreferenteak gara Europa mailan labar artean, eta altxor hori sustatu eta zabaldu behar dugu. Lea-Artibain Armintxe eta Atxurra kobazuloak ditugu, eta oso gertu, Busturialdean, Santimamiñe. Leku aproposagorik ez da labar artearen erreferente izango den gunea eraikitzeko. Momentuz hau da abiapuntua eta aurrerantzean joan beharko gara gauza konkretu gehiago zehazten.
Ildo beretik, Gaztelugatxeko San Joan sustatzeko egitasmoa ere martxan daukazue. Zelan hobetu gura duzue?
Pasealeku berdea egingo dugu Bermeo, Matxitxako, Doniene eta Bakioren artean, den-dena itsasertzetik; autobusetarako aparkalekuak Eneperi aldean eta Matxitxako lurmuturrean, eta haietara errazago ailegatzeko hobekuntzak egingo ditugu; bisitarientzako eraikin berezia informazio gune bategaz, bainuak, denda… Gaztelugatxe bisitatzea esperientzia ahaztezina izatea nahi dugu, eta, bide batez, bisitariak gure kostaldeko beste leku polit asko bisitatzea, Busturialdean zein Lea-Artibain. Halaber, Bermeoko portua biziberritzeko proiektua daukagu, eskualdeko komunikabideak hobetzen jarraituko dugu eta itsasertza lurraldearen gainontzeko herriekin hobeto lotuko dugu.
“Garraio zerbitzuan txartel bakarra da etorkizuna; horra heldu nahi dugu. Bizkaia industria
da, eta industria izaten jarraitzeko proiektuak ditugu”
Sollubeko tunelaren premia ere azpimarratu duzu, Bermeoko portua indartzeko. Bermeotarren zein inguruko herritarren eskari nagusienetako bat da tunela egitea. Zelan dago gai hori?
Batzuek denbora asko daramate hitz egiten eta besteei eskatzen. Guk, ordea, denbora asko daramagu lanean; hemen eta Madrilen, Europako funtsak eskatuz. Baina hori eskatzea Madrili dagokio, ez guri. Momentuz ez PPk ezta PSOEk ere ez dute gura izan. Guk eskatzen jarraituko dugu. Ez gara nekatuko. Pankartek eta liskarrek ez dute ezer konpontzen. Madrilera joan behar da etxera gauzak ekartzeko. AP-68agaz egin moduan. Sollubeko tunelekin ere, batzuek ez diote hitz egiteari utziko ezer ez egiteko, beti bezala. Beste batzuek pankarta aterako dute liskarra sortzeko. Beste batzuek isildu eta beste alde batera begiratuko dute, Madrilgo bere taldekideek ezetz esaten dutenean. Guk aukeraren zain egoten jarraituko dugu. Tunelak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuagoa da Bermeo eta eskualdearentzako proiektua izatea. Guk proiektu hori dugu. Busturialdea eta Urdaibairen bultzadaren buru izango gara. Gaztelugatxen edo Enkarterrin egin dugun legez.
Urberuagako lanen bigarren fasea martxoan hastekoa zen. Noiz hasi eta amaituko dira?
Maiatzean hasiko gara bigarren faseagaz, eta lanek 20 hilabeteko iraupena izango dute.
Irisgarritasunari lotuta, Busturialdean Bizkaibusa eta bizikleta batzen dituen proiektu pilotua bultzatzeko asmoa duzue.
Trenaren, autobusaren eta bizikletaren arteko erabileraren planteamendua da aztertu behar duguna. Trena sarriago erabili behar dugu, eta trena betetzeko, erakargarriagoa egin behar dugu, Bizkaibusek eta bizikletek trena bidaiariz hornitu dezaten. Tren lehiakorragoa egiten badugu, erabiltzaile gehiago izango ditu, eta autoaren erabilera murriztuko dugu. Horretan egin behar dugu lan; poliki-poliki, baina hoberantza eta helburua argi eukita.
Bizkaibus zerbitzuan bi eskualdeoi eragingo dien aldaketarik aurreikusi duzue? Bermeotarrek, esaterako, Bermeo-Bilboko zuzeneko linea bat eskatu dute edo maizago egotea autobusa. Eskariak bideragarriak direla uste duzue?
Bizkaibus aldundiak ematen duen zerbitzu nagusienetakoa da. 28 milioi bidai joan den urtean Bizkaia osoan. 107 linea ditugu, horietako 44 Bilbo dute jatorri edo jomuga. Zerbitzu hau mantentzea 90 milioi inguru kostatzen da. Bizkaibus zerbitzu bizia da. Bizkaitarren beharretara moldatzen da. Horrela egin dugu, eta horrela egiten jarraituko dugu. Erabiltzaileak entzun ditugu lau urteotan, eta ibilbide eta maiztasun asko aldatu ditugu, tartean Busturialdean eta Lea-Artibain. Bermeon, konkretuki, handitu egin genuen Bermeo eta Bilboren arteko zerbitzuaren maiztasuna goizeko lehen orduan. Zuzeneko linea bat behar dela ikusten badute, bideragarritasuna aztertuko dugu orain arte egin moduan.
Noiz erabili ahalko dira BAT, BARIK eta MUGI txartelak garraio zerbitzu guztietan?
Horretan urratsak ematen gaude. Araban eta Gipuzkoan Barik erabili daiteke. Baina txartel bakarra da gure etorkizuna. Horra heldu nahi dugu. Eta bide horretan gaurko arazoak konpondu behar ditugu. Argi dugu trena eta metroa izan behar direla garraiobide nagusiak, gaitasun, jasangarritasun eta eraginkortasunagatik. Gainontzeko garraiobideek trena elikatu behar dute. Hor garraio aldaketen esparruan sartzen gara. Garraiobidez aldatuz gero, ez da ordaindu behar. Jatorri-jomuga bidaiagatik ordaindu behar da. Eta berdin da ze garraiobidetan bidaiatu.
Zelan baloratzen duzu zure lehen agintaldia?
Hau etxean bezala da. Erropa ez da bakarrik plantxatzen, bazkaria ez da bakarrik egiten. Horrela da, ezta? Bizkaiagaz berdin. Gure lana egin dugu, gure hitza bete dugu. Eta umiltasun osoz diot. Beste edozein langilek bezala egin dugu, egunero gure lana egin. Gure programaren %96a bete dugu, 30.000 langabetu gutxiago, laguntzaren bat behar izan duten 117.000 pertsona lagundu ditugu urtero… Bizkaia hobeto dago. Konformatzen gara? Ez, inoiz ez. Hobetu egin behar dugu? Bai, beti. Horregatik, hobetzen jarraitzeko proiektua daukagu.
Aldundiak HITZA egitasmoa laguntzearen alde zaude?
Dagoeneko aldundiak laguntzen du HITZA, toki hedabideei laguntzeko deialdiaren bitartez, tokiko euskarazko beste hainbat hedabideri modura.