Txakurrei buruzko ordenantza berria onartu du Ondarroako Udalak
Txakurren kontzientziazio kanpainagaz jarraitzeko beste urrats eman du Ondarroako Udalak, eta horregaz lotuta, udalbatzak aho batez onartu du animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza berriztea.
Txakurrek aisialdi guneak behar dituztela kontuan hartuta, ordenantza moldatzea erabaki dute udal ordezkariek. “Ordenantza iaz eguneratu genuen, baina bertan ez zeuden araututa txakurrak solte ibiltzeko tokiak. Txakurrentzako guneak egon behar direla iruditzen zitzaigun, eta horregatik aldatzea erabaki dugu. Lanketa bat egin dugu ingurumen eta hirigintza batzordeetan. Eta herrian sortu duten txakur jabeen elkarteagaz ere batu gara euren iritziak jasotzeko”.
Hala, txakurrak solte ibili ahal izango diren zazpi gune zehaztu dituzte ordenantza berrituan. “Herri guztian modura, gune horietan ere txakurren gorotzak batu egin behar direla gogorarazi nahi dugu, baita belar artean ere”.
Hori bai, aurreratu dutenez, txakurrak aurretiaz zehaztutako ordutegian baino ezingo dira aske ibili. “Txakurren jabeek, nolanahi ere, kontrolpean eduki beharko dituzte txakurrak, kalteak eta eragozpenak saihestu eta gorotzak batzeko. Gogorarazi nahi dugu zonalde horietan egoteak bestelako betebeharrak betetzetik ez dituztela salbuesten”. Bestalde, “arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak” ezingo dira herrian solte ibili. “Edozein egoeratan ezingo dira aske eta muturrekorik barik ibili”.
Aisialdi guneei dagokienez, bost gunetan txakurrak edozein ordutan solte ibili ahal izango dira. Honakoetan: Zubi Zahar ikastolaren eta Kamiñazpi 35. zenbakiaren artean (erreka ondo pasealekuan), hilerriaren ondoko pagadian, Pixapeko bidean (Artabide 23 eta 47 eraikinen atzeko bidea) eta Arrigorri hondartzan. “Higiene eta osasungarritasun arrazoiak tarteko, Arrigorriko hondartza ezingo da erabili uda sasoian, maiatzaren 1etik urriaren 15era arte”.
Ordenantza eguneratzeagaz batera, arau hausteengatik jarriko diren isunak ere eguneratu dituzte. Arau hauste oso larrientzako 3.000 euro arteko isunak ezarri dituzte
Beste bi gunetan, berriz, txakurrak 22:00etatik 09:00etara ibili ahal izango dira solte: Artibai ibaiaren ondoko pasealeku osoan (Errenteria auzoan hasi eta Saturrarango hondartzara arte) eta Errebola txikiko berdegunean (Artibai egoitzaren alboan).
Aisaldi gune horiez gain, gaur egun herrian dauden lau txakur guneak ere mantenduko direla azpimarratu dute. Honakoak dira txakur guneak: San Ignazio kaleko 61. zenbakiaren atzeko parterrea, Institutuko atzeko parterrea, San Juan Txurru kalearen amaierako parterrea eta Arrigorriko behatokira igotzeko dauden eskaileren alboko parterrea.
Ordenantza eguneratzeagaz batera, arau hausteengatik jarriko diren isunak ere eguneratu dituzte: arau hauste oso larrientzako 3.000 euro arteko isunak ezarri dituzte, eta arau hauste larri eta arinentzako, ostera, 1.500 eta 750 euro arteko isunak, hurrenez hurren.
Aurreko eguenean [maiatzak 9] onartu zuten udaltzabatzan proposamena. Orain Bizkaiko Aldizkari Ofizialean publikatuko dute, eta 30 eguneko epean alegaziorik egiten ez bada, indarrean jarriko da ordenantza. Ondoren, eskuorriak aterako dituzte, eta txakur jabeei helarazi. “Ordenantza behin onartzen denean guneak seinaleztatzen joango gara“.