Beikozinik irabazi du Ondarroako III. Antxoa Pintxo Lehiaketa
Eguazten [maiatzak 15] iluntzean egin zuten Ondarroako III. Antxoa Pintxo Lehiaketa Beikozini aretoan. Aurten, estreinako, lehiaketa aurreratu egin dute, eta antolatzaileak pozik geratu dira tabernarien erantzunagaz. Zazpi tabernek parte hartu dute.
Pantxan erretako antxoa hezurra protagonista duen Beikoziniren Mar Fafaco pintxoak irabazi du bigarrenez Antxoa Pintxo Lehiaketa. Sortzaileek Senegal eta Euskal Herria anaikidetu nahi izan dituzte mokaduagaz . “Euskal Herrira bizitza berri baten bila itsasoz etorri diren guztiei keinu egin nahi diegu pintxoagaz”.
Hain zuzen ere, antxoa hezurrak txundituta utzi zituen epaimahaikideak. “Antxoaren hezurrak ikutu berezia eman dio pintxoa, eta sekulako antxoa zaporea eman dio; harrituta utzi gaitu. Pintxoa asko gustatu zaigu. Pintxoak bigunaren eta kurruskariaren, eta gozoaren eta gaziaren kontraste handia du”.
Lehiari dagokionez, parte hartu zuten Torrepe, Txanpa, Apallu, Sutargi, Gau-Argi, Beikozini eta Cantabricoko tabernariek pintxoa egiteko beharrezko osagaiak prestatuta ekarri zituzten, eta azkenik, platerean ipini eta aurkeztu zituzten. Osagai nagusia pintxoa izan bazen ere, askotariko osagaiak laguntzaileak erabili zituzten parte hartzaileek: piperrak, berakatza, porrua, tomatea, marmelada… Antxoa ere hainbat eratara prestatu zuten.
Parte hartzaileak prestaketa lanak egiten ibili ziren tartean, epaimahaia osatu zuten Agurtzane Iriondo, Josebe Anakabe eta Aitor Belaustegi sukaldariak aretoaren kanpoan egon ziren, pintxo bakoitza zeinena zen ez jakiteko. Ondoren, dastaketa hasi zuten, eta pintxo bakoitza puntuatzerako garaian mokaduaren aurkezpena, zaporea eta teknika eduki zituzten kontutan.
Sari banaketa ekitaldia zapatuan [maiatzak 18] banatuko dute, Zilarrezko Antxoagaz batera. Hori bai, antolatzaileek aurreratu dutenez, Beikozinikoek ezingo dute datorren urteko lehiaketara aurkeztu. “Aurtengo irabazlea ezingo da datorren urtean aurkeztu. Nahi baldin badu, epaimahaian egoteko aukera edukiko du”.
Sailkapena:
1. Beikozini: 27 puntu.
2. Sutargi: 23,5 puntu.
3. Txanpa: 23 puntu.
4. Cantabrico: 20,5 puntu.
5. Torrepe: 18 puntu.
6. Apallu: 15 puntu.
7. Gau-Argi: 14,75 puntu.