Gizaburuagako Ibaibaso herri hautagaitzak taldea ezagutara eman du
Hurrengo agintaldira begira, frontoia eraberritzea eta handitzea izango da taldearen apusturik nagusiena. Era berean, martxan dauden beste hainbat proiekturi jarraipena eman nahi diete.
Lea Ibarreko hainbat herritan modura, Gizaburuagan ere herritarrek aukeratzen dituzte udal hautagaiak. Ohi modura, etxerik etxe hautes errolda bidali zaie herritar guztiei, eta bozka gehien jaso duten bost herritarrak Ibaibaibaso herri kandidaturaren hautes zerrenda osatzeko aukeratuak izan dira. Honakoak dira hautagaiak: Jone Arene Gabiola Imaz, Miren Agurtzane Gogenola Alberdi, Amaia Zabala Goikoetxea, Oibar Egia Eizagirre eta Markel Okamika Mendiguren. Gabiola, Gogenola eta Egia zinegotziak izan dira azken agintaldian, eta Zabala eta Okamika, berriz, aurpegi berrriak dira.
Hauteskundeei dagokienez, herritarrek bost hautagaien arten euren gogokoenak aukera izango dute. Hautagien ondoan gurutze bat ipini beharko dute, gehienez jota, lau aukera daitezke. Hori bai, herritarrek euren aukera eginda gero, alkatea ez da erabakita geratuko. Izan ere, alkatea izango dena bost hautagaien artean adostu beharko dute udalbatza berezian.
Orain arte Juan Miguel Arostegi egon da alkate, baina orain beste herritar batek ekin beharko dio harek egindako lanari. Arostegik nabarmendu duenez, lekukoa beste bati emateko ordua iritsi da, nahiz eta taldeagaz lotura edukitzen jarraituko duen. “Hamabi urte egin ditut herritarren zerbitzura lanean, azken laurak alkate legez”.
Hurrengo agintaldira begira, frontoia eraberritzea eta handitzea izango da taldearen apusturik nagusiena. Frontoia ez dago egoera onean: teilatuak itoginak ditu, pilotan aritzeko motza da, hezetasun arazoak ditu, teilatua ez denez nahikoa zabala euria sartzen da hegaletatik… “Duela bi urte herri batzar bat egin genuen, eta herritarrek frontoia konpontzea beharrezkoa ikusten zutela esan ziguten. Frontoiari, egia esan, erabilpen asko ematen dizkiogu”. Frontoia eraberritzeko lehen faseko lanak iaz urte amaieran egin zituzten, eta agintaldi berrian aurrekontuaren zati bat bertara bideratzen jarraituko dute.
Era berean, martxan dauden beste hainbat proiekturi jarraipena eman nahi diete. Horien artean, euskara plan ipini nahi duten abian, herrian euskaraz ez dakienari baliabideak eta laguntza emateko. “Gizaburuaga herri txikia da, eta datorrenari ahal diogun modurik onenean aurre egiten saiatuko gara. Herri txikia izanda, gainera, jendearen parte hartzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, herritarren beharrizanen berri ere edukitzeko. Beharrizan horien berri edukita, proiektuak bultzatu eta laguntzak horretara bideratzea errezagoa izango da”.