LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira bandera eskegi dute Ondarroako udaletxean
Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, gainera, unitate didaktiko berezia ere landu dute ikastetxeetan.
Gaur [maiatzak 17] Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Ondarroako Udalak ortzadarraren koloreko bandera eskegi du udaletxeko mastan, “Ondarroa anitza dela aldarrikatzeko”.
Gaurko egunaren harira, gainera, unitate didaktiko berezia ere lantzen ari dira herriko ikastetxe guztietan. Unitatean LGTBI kolektiboaren ikusgarritasunerako ariketak proposatuko dizkiete ikasleei. “Jendarte bezala aske bizi (nahi) ditugun errealitateak gure ikasgeletan eta ikastetxeetan lekua har dezaten”.
Arratsaldean, bestalde, Ekai Lersundi ondarrutarraren omenezko ekitaldia egingo dute Santurtzin, eta bertan egongo da, Ekairen gurasoekin batera, Zunbeltz Bedialauneta alkatea. “Udalaren konpromisoa da herrian gazte eta helduekin aniztasunaren aldeko eta gorrotoaren aurkako lanketa iraunkorra egitea, horren adibidea da Hezkidetza Egitasmo eredugarria ere”.
Erakusketa egiteko proposamena. Udaleko berdintasun sailak herriko mugimendu feministagaz batera, berriz, Ekainaren 28an, Nazioarteko Sexu Askapenerako Egunean, Alamedan aniztasuna irudikatzen duen erakusketa bat egiteko proposamena egin du. “40 urte bete dira New Yorkeko Stonwall-eko gertakarietatik, LGTBI mugimenduak errepresio eta debekuari aurre egin zienetik. Gertakari hura erakusketa bateratu baterako gai nagusi modura eskaintzen digu Hezkidetza Egitasmoak: Gure Alemeda, Stonwall auzoa bilatuko dugu!”.
Honakoak dira mugimendu feministak prestatu dituen ekintzak:
- Ekainaren 27an, 19:00etan, Alamedan (eguraldi txarra egonez gero, Etxelilan), German Urteagaren eta Ibane Imazen berbaldia.
- Ekainak 28, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna.
- 18:30. Andrabandaren kalejira Etxelilatik Alamedara.
- 19:00. Elkarretaratzea eta Denok gara plus klown ikuskizuna.