Eguraldi txarraren eraginez, galera ekonomikoak aurreikusi dituzte Ibilaldiaren antolatzaileek
Ikastolen proiektuari sostengua emateko kontu korronteak ipini dituzte nahi dutenentzat eskuragarri. Euriak kalte handiak eragin ditu laugarren gunean, eta, segurtasuna bermatze aldera, itxi egin behar izan dute. Hirugarren gunea ere bazkalostean zarratu dute, antzeko arrazoiagatik.
Goizaldean eta egunaren lehen orduetan egindako euriteek eragina eduki dute Lekeition ospatzen duten 40. Ibilaldian. Eguraldi txarra dela eta, espero baino jende gutxiago hurreratu da Lekeitiora, eta antolatzaileek egin duten lehen balantzearen arabera, galera ekonomikoak aurreikusi dituzte. “Urte guztia daramagu ilusioz lanean gaurko eguna aurrera ateratzeko. Eguraldia ez dugu lagun izan egun guztian Lekeition ospatu dugun Ibilaldian”.
Nabarmendu dutenez, Ibilaldia prestatzeko egindako inbertsioa estaldeko laguntza ekonomikoa behar dute. Eguneko gastuei aurre egin eta zorra estaltzeko euskal komunitateari laguntza eskatu diote. Ibilaldiari lagundu nahi izan diotenek ikastolako harreran eta txarteldegietan diru ekarpena (diruz zein txartelagaz) egiteko aukera eduki dute. Eta ikastolen proiektuari sostengua eman ahal izateko kontu korronteak jarri dituzte eskuragarri. Nahi duenak honako kontuetan egin dezake diru ekarpena: LABORAL KUTXA ES83 3035 0042 92 0420028507 eta KUTXABANK ES86 2095 0114 60 9117934827. Aurtengo Ibilaldian bildutako dirua hezkuntza eredu berritzaileen aldeko apustua indartzeko erabiliko du Azkue ikastolak.
Euriak, gainera, kalteak eragin ditu itsasargian kokatutako GO laugarren gunean; hainbat egitura jausi egin dira, eta, segurtasuna bermatze aldera, itxi egin dute. Hori bai, ekintza ia gehienak egin ahal izan dituzte antolatzaileek. Laugarren gunean egin beharreko ekintzak, esaterako, gainontzeko hiru guneetan egin dituzte. Hara, Esne Beltza eta Sustrajah Band taldeen kontzertuak, berriz, plazako gunera bideratu dituzte.
Beste hiru guneak zabalik egon dira, baina eguerdian antolatzaileek zerrategi ohiaren inguruan dagoen TZA hirugarren gunea ere ixtea erabaki dute. Bazkalostean itxi behar izan dute (15:30ak inguruan), euriak han ere kalteak eragin dituelako. Bertan egitekoak ziren kontzertuak ere tokiz aldatu dituzt, eta posible izan duten neurrian egitarauari eutsi diote. Nabil, Izaki Gardenak eta Nogen taldeen kontzertuak, plazara eta ikastolara bideratu dituzte.
Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, berriz, 10:00etan hasi dute ikastolako frontoian egin dute ekitaldi ofizialagaz. Bertan egon diren hainbat alderdi politiko eta erakundeetako ordezkariak ere. 11:00ak inguruan, bestalde, zapaldu dute Ibilaldiari hasiera eman dion suziri erraldoia martxan ipintzeko botoia. Hortik aurrera, antolatuta dauden ekintzekin hasi dira.
Jarraian, bertaratu diren eragile politikoek ikastolako arduradunekin batera ibilbidearen zati bat egiteko aukera eduki dute, eta handik Ikusgarri zinemara abiatu dira, eguneko hurrengo ekitaldiari hasiera emateko. Ikusgarriko ekitaldian kooperatibismoari omenaldia eta aitortza egin diote. Erkide, Learko eta Lealde Danobat saritu dituzte. Azkenik, Elorrioko Txintxirri ikastolak hartu du lekukoa, datorren urteko jaia prestatzen hasteko konpromisoa hartu dute.
Halan eta guzti, euriak ez ditu kikildu Lekeitiora jaiagaz gozatzeko etorri diren beste milaka euskalzale. Aterkiak eskuan eta zirak soinean, eta eguraldi txarrari aurpegi ona ipinita, itsasoaren kresalaz eta antolatu diren hamaika ekintzez gozatzeko aukera eduki dute. Eguerdi osteko orduetan, esate baterako, plaza eta inguruak jendez bete dira. Esne Beltzak plazan batutako zaleak dantzan ipini ditu eta Kontzijopean jo duten taldeek ere pozik laga dituzte zaleak.