Antxoa Egunari buruzko balorazio "oso positiboa" egin du Ondarroako Udalak
Zapatuan [maiatzak 18] eguraldia lagun izan ez bazen ere, giro ederrean ospatu zuten XIX. Antxoa Eguna. Alkateak boluntarioek egindako lana eskertu nahi izan du. Galizia Etxeko ordezkariek pozik jaso zuten Zilarrezko Antxoa.
Zunbeltz Bedialauneta alkatea “oso pozik” agertu da zapatuan [maiatzak 18] egin zen Antxoa Egunagaz. “Eguraldiagatik jende gutxiago etorri zela nabaritu bazen ere, oso giro ederra egon zen. Auzolanean antolatutako herriko jai garrantzitsuenetako bat da Antxoa Eguna, eta eskerrak eman behar dizkiegu modu batean edo bestean lanean ibili ziren guztiei”.
Arrantzaleak, arrain lantegietan eta sukaldariak gogoratu nahi izan ditu bereziki alkateak. “Askotan ahaztu egiten gara beraiekin, baina, gurea moduko herri arrantzale batean presente eduki behar dugu atzetik dagoen lan ikustezin hori guztiori”.
Jaia, ohi modura, hiru turrun jota hasi zen eguerdian, eta moilara eta Alde Zaharrera hurreratu zirenek, euripean bada ere, giro ederraz gozatzeko aukera eduki zuten. Ohi modura, pintxo dastaketa izan zen eguneko ekintzarik nagusiena, eta jaiagaz gozatzera gerturatu zirenek pintxoak dastatzeko aukera paregabea eduki zuten. Euro baten truke herriko elkarte gastronomikoek antxoagaz egindako tortillak, antxoak pla-pla erara, kroketak, antxoak olio ozpin saltsan, gildak eta antxoa budina dastatu ahal izan zituzten herriko bederatzi kultur eta kirol taldeek jarritako postuetan. Moilan ez eze, herriko 26 tabernetan ere antxoa mokadu goxoak dastatzeko aukera egon zen.
Orduak aurrera joan ahala, Alde Zaharreko giroa musikagaz eta kantu herrikoiekin gutxinaka berotzen joan zen. 14:00etan, berriz, iragarrita zegoen modura, III. Antxoa pintxo lehiaketako txapela eta Zilarrezko Antxoa banatu zituzten Zubi Zaharraren parean jarritako agertokian.
Antxoa pintxo lehiaketako txapela pozik jaso zuten Ibou Saar eta Ines Uriarte Beikoziniko ordezkariek Rakel Elu ongizate zinegotziaren eskutik. Jarraian, Zilarrezko Antxoa banatzeko unea ailegatu zen. Armendo Peso elkarteko lehendakariak eta Puri Lopez idazkariak Galizia Etxearen izenean esker onez jaso zuten oroigarria alkatearen eta Bisit Beiro berdintasun zinegotziaren eskutik. Udal ordezkariek Galizia Etxeak aniztasunaren alde eta galiziar eta eukaldunen arteko lotura bilatzeagatik egindako lana goraipatu nahi izan zuten. Galizia Etxeko ordezkariek, bestetik, esker oneko berbak eskaini zizkieten udal ordezkariei oro har. “Eskerrik asko beste inor gutaz gogoratzen ez denean gutaz gogoratzeagatik”.
Argazkiak: Ondarroako Udala (Udalbarriak)