Ibilaldia prestatzeko egindako inbertsioa estaltzeko laguntza ekonomikoa behar duela dio Lekeitioko Azkue ikastolak
Azkue ikastolak sekula Ibilaldi egun batean jasotako minimo historikoa biltzea baino ez du lortu. Jaiaren ondorenak zorrik laga ez dezan, euskal komunitatearen laguntza beharrezkoa dela nabarmendu dute.
Ibilaldiaren biharamunean egindako adierazpenetan Azkue ikastolaren arduradunek bultzada behar dutela aitortu dute. Egoera ikusita, Ibilaldia eguneko gastuei aurre egin eta zorra estaltzeko euskal komunitateari laguntza eskatu diote. “Eguraldiak Ibilaldi eguna zapuztu zuen atzo, eta Azkue ikastolak sekula Ibilaldi egun batean jasotako minimo historikoa biltzea baino ez du lortu. Balantze zehatzik ez dugu egin oraindik, eta ikastolak ezin du datu zehatzik eman, baina Ibilaldi egunerako egindako inbertsioa estaltzea dugu helburu, jaiaren ondorenak zorrik behintzat laga ez dezan”.
Hori bai, Euskal herriko txoko ezberdinetatik iristen ari den elkartasuna handia izaten ari dela aitortu dute. “Atzo kontu korronteak zabaldu genituen momentutik ekarpenak iristen ari dira, ezin genezake hitzekin eskertu Euskal Herritik jasotzen ari garen elkartasuna, baina oraindik ere gehiago behar dugu”, azaldu du Ibon Goitia ikastolako zuzendariak.
Bizkaiko ikastolen aldeko jaian parte hartu zuten musika taldeek ere euren aletxoa ipini dutela gaineratu dute ikastolako arduradunek. “Egoera ikusita, musika talde askok kontzertuak debalde eskaini zituzten, eta hori ere eskertu behar dugu”.
Azkue ikastolak eskerrak eman nahi dizkie egunez egun lanean aritu diren herritar guztiei. “Horrelako jai bat antolatzeak esfortzu handia dakar, auzolanik barik ezinezkoa litzateke”. Lanean aritu direnez gain, ikastolaren proiektuari sostengua ematera era batera edo bestera gerturatutakoak ere eskertu nahi izan dituzte antolatzaileek.
Ikastolen proiektuari sostengua eman nahi duenak honako kontuetan egin dezake diru ekarpena: LABORAL KUTXA ES83 3035 0042 92 0420028507 eta KUTXABANK ES86 2095 0114 60 9117934827.