"Herritarrekin eta herritarrentzat" lanean ariko direla dio Mutrikuko EH Bilduk
Mutrikuko EH Bilduren lantaldeak maiatzaren 26ko hauteskundeetara begira aurkeztu duen programaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Bertan, datozen urteetarako dituzten asmoen berri eman dute.
Joseba Palenzuela alkategaiak nabarmendu duenez, herritarrekin eta herriarentzat lanean jarraituko dute. “Lau urte itxaropentsu ditugu aurretik. Guk Mutrikuren alde lan egin nahi dugu, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu langintza horretara. Nor bere modura, norbere ekarpena eginez”.
Zerrendaburuak gaineratu duenez, Mutriku dute helburu, baina helburu lortu ahal izateko berebizikoa da mutrikuar guztien laguntza. “Unean-unean agertzen zaizkigun aukerak baliatuz, herriaren eta herritarren ongizatearen eta oparotasunaren bila marraztuko dugun ibilbidea izango dugu presente eguneroko jardunean. Eta langintza horretan herritarrak ondoan izan nahi ditugu”.
Programan proposatu dituzten neurrien artean informazioa eta partaidetza ezinbestekoak direla nabarmendu dute. “Hitzetatik haruntzago, herritarrek udal jarduerari buruzko informazioa izan dezaten bilatuko dugu. Horretarako, gaur egungo teknologia bideak erabiliko ditugu”. Bide horretan, auzoz auzoko bilerak berreskuratu nahi dituzte, “herritarrek udalarekin harreman zuzena dutela bermatzeko”. Eta udalaren ekimenak arloka lantzen diren gaietan, ikuspegia zabaltzeko, arlo horietan diharduten herritarrekin garatu nahi dituzte.
Herriaren etorkizuna bizi mantentzeko, berriz, merkataritzari eta ostalaritzari bultzada berri ematea garrantzitsua dela diote. Era berean, ekonomia modu berriak ere bilatu nahi dituzte Mutrikurako. “Lehen sektorea bultzatu nahi dugu, eta bideak ireki nahi ditugu gure herritik bertatik hasteko bertoko produktuak kontsumitzen. Kantauri kostaldean dagoen akuakultura eskola barra gure herrian izanik, gainera, akuakulturaren bidea jorratu nahi dugu, etorkizuneko aukera bat izan daitekeelakoan”.
Herriko kaleetan dauden zailtasun arkitektonikoak saihesteko bizpahiru igogailu egitea proposatzen dute. Herrian dagoen aparkaleku arazoa gutxitzeko, berriz, erabilera txikia duen Fondaberria aparkalekuari “susperraldia” ematea proposatzen dute. “Autoak kalean baino han hobeto egongo direla deritzogu. Gainera, aparkalekuak egiteko toki berriak bilatzen jarraituko dugu”.
Herritarrek egindako beste eskaera batzuri ere erantzuna eman nahi diote. Besteren artean, ikasketa gelak egiteko nahia agertu dute. “Batxilergoan eta unibertsitatean dauden ikasleek eskatzen dituzten ikasketa gelak non eta nola atondu ahal diren aztertuko dugu ikasleekin. Beharretatik abiatu eta bidea eginez lortuko dugu espazio horiek kokatzea”.