Ondarruko Txakurrak Babesteko Elkarteak alegazioak aurkeztuko dizkio udal ordenantza berriari
Ondarroako Udalak onartu berri duen txakurrei buruzko ordenantza berriak ezinegona piztu du herriko hainbat txakur jaberen artean. Sortu berri den Ondarruko Txakurrak Babesteko Elkarteak, esaterako, alegazioak aurkeztuko ditu, arautu diren puntu batzuekin ez datozelako bat.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, ordenantza eguneratzearekin bat datoz, baina arauetako batzuk elkarteko filosofia ez dutela islatzen nabarmendu dute. “Aurreko ordenantzan ezin ziren txakurrak solte ibili. Ez zegoen araututa horretarako lekurik ezta ordutegirik ere. Alde horretatik egindako ahalegina pozgarria dela deritzogu. Baina herritarren eta txakurren arteko elkarbizitza ona bultzatzeko asmoz, puntu batzuk moldatu eta zehaztu beharko liratekeela uste dugu. Hori dela eta, alegazioak aurkeztuko ditugu”.
Gaineratu dutenez, ordenantza egiterako orduan ez dituztela kontuan hartu diote. “Ordenantza berriaren zirriborroa aurretik bidali ziguten udal ordezkariek, baina bertan ez dugu parte hartu. Bertan parte hartzeko aukera eduki behar genukeela uste dugu”.
Ordenantza berriak dioenaren arabera, Arrigorriko hondartza ezingo da erabili maiatzaren 1etik urriaren 15era arte. Erabaki horrek asko haserretu ditu txakur jabeak, eta erdibideko neurri bat eskatzen dute. “Hondartzaren erabilera arautzea ondo dagoela iruditzen zaigu, baina epe hori hondartza denboraldia (ekainaren 1etik irailaren 30era) baino luzeagoa da. Eguraldi txarra dagoen egunetan, esaterako, inor ez da egoten. Kasu horretan, hondartza erabiltzeko aukera edukitzea eskatu genuke”.
Arau berriaren arabera, Artibai ibaiaren ondoko pasealeku osoan eta Errebola txikiko berdegunean aurretiaz zehaztutako ordutegian ibili ahal izango dira solte txakurrak; hau da, 22:00etatik 09:00etara. Zehaztutako ordutegia malguagoa izan beharko litzateela uste dute. “Denon beharretara egokitzen den ordutegi bat ezartzea komenigarria dela deritzogu. Pasealeku hortan, gainera, puntu beltz asko daude”.
Araun jaso diren txakurrentzako aisialdi gune batzuk hobeto egokitu eta zakarrontziez hornitu beharko liratekeela azpimarratu dute. “Asko, orain dauden modura ez daude ondo. Zaldupe atzeko aparkalekuaren alboko zelaia, esaterako, ez dago oso baldintza onetan. Belarra moztu egin beharko litzateke; gorotzak aurkitu eta ganoraz jasotzea ia ezinezkoa da eta. Errenteria auzoko bidean eta Pixapeko bidean, bestalde, zakarrontzirik ere ez dago. Bat edo beste jartzea beharrezkoa zela iruditzen zaigu”.
Bero handiko egunetan txakurrek freskatzeko guneak behar dituztela ere azpimarratu dute, eta uda sasoian hondartzara inolaz ere ezingo direnez sartu, bainua hartzeko lekuren bat gaitzea lagungarria izango litzatekeela diote. “Uda sasoian ezin gara hondartzan sartu, eta Astilleruko arranpa eta inguruak gaztetxoz beteta egoten dira. Erreka ondoko pasealekuaren alboko eskaileretan edo arranpan bertan horretarako aukera eduki nahiko genuke”.
Beste eskaera batzuen artean, ura edateko askak dituzten iturri bereziak ipintzea komenigarria dela deritzote, baita txakurrentzako jolas txokoak ere. “Iturriak aldatzen direnean kontutan edukitzeko eskatuko diogu udalari. Epe motzean txakurrentzako jolas txokoren bat egokitzea zaila dela badakigu, baina etorkizunerako proposamena egin nahi diogu”.