HITZAren 110 harpidetza egin ditu Bermeoko Udalak
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko egitasmoagaz egindako hitzarmenagaz, euskal komunikabideak eta euskaraz irakurtzeko ohitura sustatu nahi dituzte.

Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAgaz hitzarmena adostu du, «euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko».
Akordioa sinatzeko batu dira Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Euskara Saileko zinegotzia, Aitziber Gabikaetxebarria Euskara teknikaria, Oihana Cabello HITZAren zuzendariordea eta Idurre Arrazola HITZAren komertzial eta sustapen arduraduna.
Harpidetzen helburua bermeotarren artean «euskaraz irakurtzeko ohitura eta irakurzaletasuna zabaltzea» dela azaldu du Agirrek. Izan ere, 110 harpidetzak herriko udal eraikinetan eta irakurtzeko ohitura egoten den hainbat gunetan banatuko dituzte: Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhazen, zaharren egoitzan, Musika Eskolan… Oinarrizko Lanbide Heziketan banatzeaz gain, ile apaindegietan, tabernetan, fisioterapia zentroetan edota ostatuetan banatuko dituzte, besteak beste.
Gabikaetxebarriak azaldu duenez, aurten, lehenengo aldiz, ospitale psikiatrikoan ere banatuko dituzte ale batzuk. Izan ere, osasun etxean banatu izan dituzten aleek «harrera ona» eduki dute. Beraz, ospitale psikiatrikoan ere berbera egitea erabaki dute. Udal arduradunentzat zentro horietara doazen herritarrek «tokiko euskarazko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera izatea ezinbestekoa delako». Horrez gain, aurreko urteetan egin modura, Euskotreneko geltokian ere jarriko dituzte aleak.
Egunkariaren «premia». Udalaren eta HITZAren arteko hitzarmenagaz, azken bost urteetan egunkaria izan duten 24 leku publikoetako erabiltzaileak HITZAren garrantziaz jabetu dira, eta batzuk harpidedun ordaintzaile bihurtu direla nabarmendu du teknikariak. Hala, establezimendu bakoitza harpidedun ordaintzaile bihurtzea «oso positiboa» dela azpimarratu du. «Hitza herritik sortu zen proiektu bat» dela gogoratu du Cabellok, «herritarrei zerbitzu bat emateko» balio duena, eta «elkarte, eragile eta herritarrek bultzatutakoa».
Udalagaz sinatutako hitzarmenak egunkaria ahalik-eta esku gehienetara heltzea bermatzen duela adierazi du, «HITZA protagonista direnengana hurreratu ahal izateko». Alde horretatik, elkarlan hori eskertu du kazetariak, «ezinbestekoa» dela adieraziz.
Harpidetza digitala. Arrazolak gogoratu duenez, aurten HITZA ahalik-eta jende gehiagorengana iristeko, harpidetza digitala jarri du martxan. «Sarean dabilen jendearentzako Hitza errazago irakurtzeko modua» dela dio komertzialak, «batez ere gazteen artean».