Ibon Gabiolak ordezkatuko du Ziortza Ikaran Amoroton
Gazteria eta kirol arloko zinegotzia izan da Gabiola azken lau urteotan. Aurreko urteetako lanari jarraipena ematea eta, era berean, erronka berriei ekiteko helburuagaz hartuko du alkate kargua.

Azken urteetan legez, Amorotoko Herri Kandidatura da hautagaitza bakarra Amoroton oraingo honetan ere, eta gaur egungo Ziortza Ikaran Zugazaga alkatearen lekukoa hartzeko prest dago Ibon Gabiola Idoiagabeitia.
Hain zuzen, aurreko urteetako lanari jarraipena ematea eta, era berean, erronka berriei ekiteko asmoz hartuko du alkate kargua Gabiolak. Azken lau urteotan Gazteria eta kirol arloko zinegotzia izan da bera. “Lau urte egon naiz Gazteria eta Kirol arduran, eta Lea Ibarreko Mankomunazgoan ordezkari. Beste arlo batzuetan ere konprometituta egon naiz. Lau urte hauetan, momentuan ateratzen diren beharrei erantzuten ahalegindu gara. Martxan dauden proiektuei kolpe egin diegu, eta berriak atera beharra egon denean ere hortxe egon gara. Asmoa, beraz, aurreko urteetako lanari jarraipena ematea eta, era berean, erronka berriei ekitea da. Ilusioarekin nago, talde majoak irten duelako, eta guztiak lanerako gogoz gaude”, adierazi du Gabiolak.
Hain zuzen, alkategai berriaz gain, hautagaitza osatzen dutenen artean beste bi herritarrek ere jarraituko dute udal gobernuan. Peio Imaz Iturraran eta Javier Antonio Arriaga dira beste lau urtez segitzeko konpromisoa hartu duten ordezkariak. “Komeni izaten da aurreko urteetako esperientziaz baliatzea erronka berriei ekiteko”, zehaztu du Gabiolak.
Hautagaitza:
- 1.- Ibon Gabiola Idoiagabeitia
- 2.- Aitor Arostegi Orbegozo
- 3.- Javier Antonio Arriaga
- 4.- Peio Imaz Iturraran
- 5.- Ramon Abaroa Iturraran
- 6.- Maribi Ugarteburu Markuerkiaga
- 7.- Igor Gabiola Antxustegi
Ordezkoak:
- 1.- Ana Urkidi Atxurra
- 2.- Miren Gotzone Goitiandia Laka
- 3.- Mikel Gotzon Gabiola Gogenola

Argazkia: Amorotoko Herri Kanditatura.