Jose Mari Aranbarri 'Egia' hil da, Egia-Iriondo lasterketaren sortzaileetariko bat
Aranbarri eguenean [maiatzak 23] hil zen, eta hileta elizkizuna gaur [maiatzak 24, barikua] izango da, 19:00etan, Ondarroako Andra Mari elizan.
1984an egin zen lehenengo Egia-Iriondo lasterketa. Jose Mari Aranbarri Egia-k eta Martin Iriondok elkarri egin zioten desafioan dauka jatorria aurten 35 urte beteko dituen Ondarroako lasterketa ezagunak. Jose Mari Aranbarri Egiak azaldu zuen apustuaren jatorria: “Martin aringa-aringan etortzen zen Txirrikatik (Berriatutik). Halako baten esan nion: ‘Zer dabilzu hor, kamiño guztiak apurtzen? Hurrengoan neuk jokatuko dizut Berriatutik hona’. Berak esan zidan: ‘Nahi baduzu urte bitan ere prestatu!’. Eta nik esan nion ‘Urte bi ez, hil bi behar ditut'”. Uztailaren 25rako egin zuten lehenengo hitzordua lagun zaharrek. Egiak Jose Maria Naberan hartu zuen gertatzaile. “Banekien Naberan gazteekin-eta entrenatzen ibiltzen zena, eta lasterketarako prestatzea eskatu nion. 87 kilo neuzkan entrenatzen hasi nintzenean, eta hil bitan zazpi kilo kendu nituen”. 48 urte zeuzkan Egiak 1984 hartan. Aurretik bizikletan ibiltzen bazen ere, aringa-aringan ez. Naberan aldamenean eduki zuen lasterketan, motorrean. Euren artean hitz gako bat aukeratu zuten, Ikomelau! Naberanek berba hori esaten zion momentuan, Egiak jo egin behar zuen; lehiakideari ihes. Egiak lehenengo gurutzatu zuen helmuga hitzordu hartan.
Bien artean egin zuten lehen desafioak entzute handia lortu zuen herrian. Haren ostean, herri lasterketa izatera pasa zen Egia-Iriondo lasterketa. Lehenengo hitzordutik aurrera, proba beti abenduan egin izan da, Gabon bueltan. Ahal izan duten urte guztietan parte hartu dute Egiak zein Iriondok, eta ez dute hutsik egin izan sari banaketan.
Hileta elizkizuna gaur [maiatzak 24] izango da, 19:00etan, Ondarroako Andra Mari elizan. Hilbeila Lea-Artibai Beilatokian (Gardotza poligonoa, Berriatua) egongo da, goizean 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:30era.