Lea-Artibai eta Mutrikuko 25.747 herritar daude deituta botoa ematera
24.245 herritar berton bizi dira, baina beste 1.502 herritarrek atzerritik botoa emateko aukera eduki dute. HITZAk egunaren jarraipen berezia egingo du, eta hauteslekuak itxi eta gero, herriz herriko emaitzen berri emango dugu, minutuz minutu.
Hamabost eguneko kanpainaren ostean, hauteskunde egunearen aurreko hausnarketa egin beharko dute herritarrek zapatuan [maiatzak 25]. Lea-Artibai eta Mutrikun, guztira, 24.245 lagunek dute domekan [maiatzak 26] botoa emateko eskubidea; 1.502 herritarrek atzerritik botoa eman ahal izan dute.
Udal eta Foru hauteskundeez gain, Europar legebiltzarrerako hauteskundeak ere egingo dituzte maiatzaren 26an. Lea-Artibai eta Mutrikuko alderdi politikoak, batik bat, udaletako alkatetzak eta eserlekuak lortzeko ekitaldiak antolatu dituzte egunotan, hainbat herritan. Udal hauteskundeetarako kanpaina egiteaz gain, alderdiak foru hauteskundeetarako mitinak eman eta programak aurkeztu dituzte. Era berean, ekitaldiok baliatu dituzte Europar Parlamenturako botoak eskatzeko.
Udal hauteskundeei dagokienez, aipagarria da, baita, alderdi berriez gain, zenbait udaletan nagusi ez diren alderdien esku egon daitekeela alkatetza erabakitzeko ardura. 2015. urteko udal hauteskundeetan, Mutrikun Berdeak Independenteen botoekin erabaki zuten alkatetza, Eusko Alderdi Jeltzalearen alde eginez. Aurten ere antzeko egoera bizi daiteke. Markina-Xemeinen kasuan, lehia estua aurreikus daiteke EH Bildu eta jeltzaleen artean.
Bi alderdi horiek dira udal hateskundeetan boto kopuruetan nagusi Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean. Hala ere, aipagarriak dira, baita, beste zenbait herritan herri kandidaturek dituzten emaitzak.
Gizaburuagan, Ibaibaso Herri Kandidatura izan da orain arte udalean, eta Amorotoren kasuan ere Herri Kandidatura dago alkatetzan. Ispasterren, aipagarria da herri kandidatura aurkeztuko dela domekako bozetara.
Dena dela, domekan, Europako Legebiltzarrerako botoak zenbatuko dituzte lehenik.
Herriz herri botoa emateko eskubidea duten herritar kopurua:
- Amoroto: 321 (atzerritik 26)
- Aulesti: 531 (33)
- Berriatua: 864 (60)
- Etxebarria: 595 (91)
- Gizaburuaga: 148 (14)
- Ispaster: 541 (41)
- Lekeitio: 5.731 (363)
- Markina-Xemein: 3.602 (378)
- Mendexa: 353 (18)
- Munitibar: 384 (39)
- Mutriku: 4.070 (152)
- Ondarroa: 6.808 (281)
- Ziortza-Bolibar: 347 (6)