Herri Lagunkoia proiektuaren Ekintza Plana martxan jartzen hasi dira Lea Ibarran
Hobetu beharreko hogei praktikei erantzuna emateko, hamahiru ekintza adostu dituzte mankomunazgoko eragileek; datozen hiru urteetan burutuko dituzte praktikak.
Lea Ibarreko Herri Lagunkoia proiektuaren diagnostikoa egin ostean, iaz diseinatu zuten Ekintza Plana martxan jartzen hasi dira Lea Ibarra Udal Mankomunazgoan. Guztira, hamahiru ekintza adostu dituzte eragileek, eta hobetu beharreko hogei praktikei erantzungo dizkie ekintzek datozen hiru urteetan.
2017an egindako ebaluazioan lortutako emaitzetatik abiatu dira konponbideak eskaintzeko. “Edadetuak ahalduntzea da gure helburua, beraiei interesatzen zaiena zer den eta beharrak zeintzuk diren kontuan izanda”, adierazi du Arritxu Zelaia proiektuaren aholkulari, teknikari eta dinamizatzaileak.
Diagnostikoan jasotako aldagaiak kategorizatu egin dituzte garrantziaren eta erraztasunaren arabera, eta horretarako, pertsona bakoitzak banaka puntuatu ditu aldagaiak. Lea Ibarra Udal Mankomunazgo osoari dagozkien ekintzak orokorrak 2019an hasi dira martxan jartzen, horien artean, zaintzari, garraio mugikortasunari eta farmaziei lotutakoak.
Hobekuntza praktika. Adineko pertsonek zainduak izateko duten eskubideaz jabetzeko sentsibilizazio kanpaina egitea izango da eragileak martxan jarriko duen neurrietako bat. Hala, laguntza aukerei buruzko informazioa zabaltzeko materiala prestatu, diseinatu eta banatuko dute.
Garraioari dagokionez, Zelaiak zera ohartarazi du: “Auzoetatik herrietara jaisteko garraio publikoaren zerbitzua, loturak edo autobusen maiztasuna dira arazo nagusiak, baina landa-taxia izeneko ekintza bat daukagu aurreikusita”. Horretarako, Lea Ibarreko Gizarte Zerbitzuetako ordezkaria mankomunazgoa osatzen duten bost herrietako edadetuen ordezkari banarekin eta politikariekin batuko da lan taldea sortu eta proposamenak aztertzeko.
Bestalde, aldiro, edadetuak Eara joan behar izaten dira. “Zaintzako farmazien ordutegiak eta datak direla eta, noizean behin Eara joan behar izaten dira edadetuak medikamentu bila. Eta euren mugikortasun mailaren arabera, urruti geratzen zaie herritar batzuei”, azaldu du Zelaiak. Hala Osakidetzari larrialdietan lehenengo medikazioa emateko aukera izatea eskatuko diote ekintzaren arduradunek. Gainera, Ean bertan salgai nahikoa izan dezaten, Bizkaiko Farmazeutikoen Elkargoari presioa egiten jarraitzea aurreikusi dute eragileek.
Herriz herriko ekintzak. Horrez gain, herriz herri beharrizan partikularrak hauteman dituzte, batzuk konpontzen errazagoak, eta zailagoak besteak. Adibidez, Zelaiak nabarmendu du baserri inguruetan basurdeak aurkitzen dituztela sarri herritarrek, baina konponbide bateratu bat bilatzea erraza ez dela gaineratu du. “Zaila da denontzako baliagarria den konponbide bat bilatzea kasu honetan».
Lea Ibarra eskualde txikia da, 2.200 biztanle ditu, baina Ekintza Planaren diagnostikoan eta diseinuan herri bakoitzak jarri duen interesa azpimarragarria izan dela adierazi du Zelaiak: «Jendea oso gustura dago ekintza plan honekin”.
Gainera, parte hartze handia egon dela nabarmendu du. Izan ere, 2017ko diagnostikoan 113 herritarrek parte hartu zuten, edadeko guztiak kontuan hartuz gero, %23. Batez besteko adina 72 urtekoa izan da.