Mariatxi doinuekin datoz Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak
Maiatzaren 31n arratsaldean hasiko dira jaiak, txupinazoagaz eta txosnaren irekieragaz. Bi egunez, egitarau zabalagaz gozatzeko aukera edukiko dute Kamiñazpira gerturatzen direnek. Puro Relajo, DJ Juseff, Tximeleta eta DJ Bull ariko dira bi egunetako gauak girotzen.
Aurten ere musika eskaintza zabalagaz datoz Kamiñazpiko jaiak. Kamiñazpiko Jai Batzordeak eta Ondarroako Udalak elkarlanean ahalegin berezia egin dute adin eta publiko guztietara zuzentzen den musika egitarau zabala prestatzeko. Barikuko [maiatzak 31] proposamenen artean, esaterako, mexikar zaporeko kantu alaiak jotzen dituen Puro relajo talde nafarraren rantxerek alaituko dute gau partea.
Talde nafarrak mexikar musika jotzen du gehienbat, baina tartean, euskal kantu klasiko eta modernoagoei ere egiten die tokia. “Jaien lehen egunean herriko talderen baten edo erromeria talde baten aldeko apustua egin izan ohi dugu. Aurten, ostera, nagusiagoek diren auzotarrek gustuko izan dezaketen talde bat ekartzea pentsatu dugu. Oso ezagunak diren kantu mexikarrez gain euskal kantuak ere jotzen dituzte, eta denok kantuan batzeko proposamen interesgarria iruditu zaigu”.
Baina mariatxien doinuez gain, datozen egunotan auzora gerturatzen direnek beste musika estilo batzuekin gozatzeko aukera ere edukiko dute. Barikuan musika eskolakoen pop-rock saioek eta DJ Juseff ondarrutarraren erritmo dantzagarriek hartuko dute Kamiñazpiko parkea. Zapatu [ekainak 1] iluntzeko eta gaur parteko giroa, berriz, Tximeleta taldearen doinu herrikoiek eta DJ Bullen saioak alaituko dute.
Musikaz gain, beti-betiko jaien esentzia gordetzen duten bestelako hainbat ekintza ere badakarte jaiek. Barikuan zein zapatuan bertaratzen direnek egitarau zabalagaz gozatzeko aukera edukiko dute. Auzotar, herritar eta inguruko festazale denak Kamiñazpira gonbidatu dituzte antolatzaileek. “Sekulako eguraldia egingo du, eta ondo nahi duenak pasa, badaki nora etorri: Kamiñazpira”.
Kamiñazpikoa bizirik mantentzen den auzo jai bakarra dela gogorarazi dute jai batzordeko kideek. Jaia posible egiteko auzolana berebizikoa dela azpimarratu dute
Egitaraua ohiko ekintzez osatu badute ere, berritasun bat edo beste ere izango ditu. Playback lehiaketan parte hartuko duten zazpi taldeek ohiko bi sariez (playback eta koreografia onena) gain, hirugarren sari bat eskuratzeko aukera ere edukiko dute. “Estreinako, karakterizazio onenak saria jasoko du. Mozorrotzeari ere indarra eman nahi izan diogu; imitatuko duten taldea edo abeslaria hobeto karakterizatzen duena sarituko dugu. Onenek 30 euro eta Ganbara dendan gastatzeko 30 euroko erosketa bonoa irabazteko aukera izango dute”. Zapatu goizean, ostera, umeentzako egingo diren ohiko txirrindu ginkanaz eta aurpegia margotzeko tailerraz gain, herri kirolen bueltan aritzeko aukera egongo da estreinako.
Jaiak lagunekin edo senitartekoekin batzeko aitzakia aproposa izaten dira. Urtero, hutsik egin barik, hainbat kuadrillak prestatutako paella janean batzen dira auzotarrak parkean. “Denetara, 380 bat lagun batuko gara”. Aurretik, baina, parkean ipiniko dituzten haima azpietan prestatu beharko dute kuadrillek bazkaria. 23 kuadrilla ariko dira bazkaritarako arroz gozoak prestatzen.
Jaia posible egiteko baina, auzolana eta laguntza berebizikoa dela gogorarazi dute jai batzordeko kideek. “Bizirik mantentzen den auzo jai bakarra da Kamiñazpikoa. Edozein laguntza beti da ongietorria. Ondarroako Udalari eskerrak eman nahi diogu, urtero egiten duen esfortzu ekonomikoagatik. Herriko saltokiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, borondatez ematen diguten laguntza guztiagatik. Txosnarako janaria prestatzen ibiltzen duten auzotarrak, eta era batera edo bestera laguntza ematen digutenei aipamen berezia ein nahi genieke. Denon laguntzari esker antolatzen ditugu jaiak, bestelakoan ezinezkoa izango zen.
EGITARAUA
MAIATZAK 31, BARIKUA
- 18:00: Txupinazoa eta txosnaren irekiera.
- 20:00: Pop-rock saioa, Unanue Musika Eskolaren eskutik.
- 22:00: Play back lehiaketa.
- 23:30: Kontzertua (Puro Relajo eta DJ Juseff)
EKAINAK 1, ZAPATUA
- 10:00: Kamiñazpiko XV. Pala Txapelketa.
- 11:00: Umeentzako ekintzak: txirrindu ginkana (Aurrera Txirridu Elkartearen eskutik), herri kirolak eta aurpegia margotzeko tailerra.
- 11:00: Txistulariak.
- 11:30: Puzgarriak (14:30ak arte).
- 13:00: Paellak prestatzen hasi.
- 15:00: Bazkari herrikoia.
- 16:30: Bertsolarien saioa (Maddalen Arzallus eta Aitor Mendiluze).
- 17:00: Poni eta zezen txikiak, frontoian.
- 18:00: Umeentzako zinema emanaldia, Olee-ren eskutik (Ibai Ondoko etxeen azpiko tunelean).
- 18:30: Puzgarriak (20:30ak arte).
- 19:00: Kontzertuak: Tximeleta (19:30ak lehen saioa, eta 23:00etan bigarrena) eta DJ Bull (21:00etan lehen saioa eta 02:00etan bigarrena).