Europa Liga txapelketa irabazi du Kepa Arrizabalaga atezain ondarrutarrak
Kluben Europako txapelketa bat bereganatu duen lehen ondarrutarra izan da Kepa Arrizabalaga. Azerbaijango Baku estadio olinpikoan jokatu zen finalean 4-1 bat irabazi zioten Arsenal taldeari.
Atezain ondarrutarrak Ingalaterrako Chelsea taldeagaz irabazi du txapelketa (talde urdinak bigarrenez irabazi du titulua). Eguaztenean [maiatzak 29] Azerbaijango Baku estadio olinpikoan jokatu zen finalean 4-1 bat irabazi zioten Unai Emerik zuzentzen duen Arsenal taldeari.
Kluben Europako txapelketa bat bereganatu duen lehen ondarrutarra izan da Kepa Arrizabalaga. Atezain ondarrutarrak aurtengoa du lehen denboraldia Chelsea taldean, eta atzokoa taldeagaz irabazi duen lehen titulua izan da.
Finalari dagokionez, Chelseako Giroud, Pedro eta Hazarden bi golek erabaki zuten partidua. Partiduaren lehen zatiko 20 minuetan Arsenal hobea izan zen. Baina atsedenaldiaren ostean, egoera irauli, eta Chelseak bere jokoa egiteko aukera eduki zuen, erabat nagusituz. Chelsea taldeko Giroud frantziarrak sartu zuen lehen gola, 49. minutuan, burukada bategaz. 60. minutuan Pedrok sartu zuen bigarren gola, Chelsearen abainta areagotuz. 65. minutuan, berriz, Hazard erdilari belgiarrak penaltiz sartu zuen talde urdinaren hirugarren gola; Arsenaleko defentsa batek Giorudi area barruan bultzakada garbia eman ostean.
Arsenaleko gol bakarra Iwobik sartu zuen 69. minutuan. Area kanpotik egindako jaurtiketa ezin izan zuen gelditu Arrizabalagak. Neurketako azken gola Hazardek sartu zuen, 72. minutuan.
Arrizabalagak pisu handia eduki du txapelketan. Frankfurteko Eintracht talde alemaniarraren aurkako finalaurrekoan penaltietan sekulako lana egin zuen ondarrutarrak. Bi penalti erabakigarri gelditu zituen, eta horri esker, finalerako txartela eskuratu zuten.
https://www.facebook.com/ChelseaFC/videos/320969882169419/