Ondarruko Txakurrak Babesteko Elkarteak ohartarazi du txakur bat pozoituta hil dela herrian
Pozoinaren lehen sintomak zapatu [maiatzak 25] arratsaldean antzeman zizkioten animaliari. Haren osasun egoerak nabarmen okerrera egin zuen, eta astelehenean [maiatzak 27] albaitari zentroan ingresatu ostean, gaur [maiatzak 30] hil da, itxura guztien arabera, pozoituta. Elkarteak herriko txakur jabeak egon litekeen arriskuaz ohartarazi nahi ditu.
Itxura guztien arabera pozoituta hil den txakur baten heriotza salatu nahi izan du Ondarruko Txakurrak Babesteko Elkarteak. Elkarteko kideek ezinegona agertu dute, eta heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dute ekainaren 23an, 13:00etan, Alamedan. “Animalien eskubideen alde protesta egitea erabaki dugu. Nahi duen guztia gurekin batera protesta egitera deitzen dugu”.
Animalia oso larri egon ostean, gaur [maiatzak 30] goizean hil da. Jabeek lehen sintomak aurreko zapatuan [maiatzak 25] atzeman zituzten. “Txakurrak ondo ezik ikusi genuen. Ezin zen zutik egon, eta ez zuen jateko gogorik ere. Albaitariarengana eraman genuen, eta bitamina batzuk injektatu ondoren, etxean jarraipena egiteko eskatu ziguten”. Txakurraren egoerak domeka [maiatzak 26] gauean nabarmen okerrera egin zuen, eta astelehen [maitzak 27] goizean berriro albaitariarengana eraman zuten. “Oso ahul ikusi genuen. Ura edaten zuen bakoitzean kolore marroixka zuen likido bat egiten zuen botaka, eta korrika batean albaitari zentrora eraman genuen”.
HITZAk albaitariagaz berba egiteko aukera eduki du, eta txakurra duela 15 egun osasun egoera onean zegoela baieztatu du. “Analitika bat eta azterketa sakona egin genion, eta emaitzak oso onak ziren”. Albaitariak agertu duenez, txakurra larri ingresatu zutenean “pozoiak eragindako sintoma propioak” agertzen zituen. “Hori jakinda, pozoitutako animalien protokoloa abian ipini genuen. Gastroenteritis hemorragikoagaz etorri zen, eta probak egin genizkionean gibela, pankrea, giltzurruna eta birikiak ere txarto zituela ikusi genuen. Ipini diogun tratamenduari ez dio ondo erantzun, eta gaur goizean hil egin da”.
Txakurraren jabeek, bestalde, gertatukoaren berri eman diete udalari, eta salaketa ofiziala ere ipini dute udaltzaingoan. “Astelehenean udaltzaingora jo genuen salaketa ipintzera, baina Ertzaintzara bideratu gintuzten. Handik Ertzaintzara joan ginen, eta salaketaren ardura Udaltzaingoarena dela azpimarratu ziguten. Azkenean, ertzainek udaltzainei deitu behar izan diete, eta asteazkenean salaketa ipini ahal izan genuen. Dagokien izapideak egin ondoren, salaketa epaitegira bideratuko dutela esan digute”.
Elkarteko kideak oso kezkatuta agertu dira, eta antzeko gertaerak ez errepikatzea eskatzen dute. Egoera ikusita, txakur jabeei arreta berezia edukitzeko eskatu diete. Euren nahia ez da alarma soziala sortzea, baina herriko txakur jabeak pozoiak sor ditzazkeen arriskuez ohartarazi nahi dituzte.
Udalari eta dagokien erakundeei neurriak lehenbailehen hartzea beharrezkoa dela gogorarazi dute. “Oraingoan txakurrak izan dira kaltetuak, baina hurrengoan ume bati zerbait gertatzen bazaio zer? Kalean pozoina botatzen dutenei kontuz ibiltzeko eskatu nahi genieke, izan ere, toxikoa den edozein gai ezin da kalean bota. Beharbada, ez dira horren jakitun, baina horrelako ekintzak animalientzako ez eze, pertsonentzako arriskutsuak izan daitezke. Kontzientzia hartzeko eskatu nahi diegu, eta kontzientziazio kanpaina horretan udalaren laguntza beharrezkoa dela iruditzen zaigu”.