Ikusmin handia eragin dute Ondarroako Plaiko Zubiaren desmuntatze lanek
Barikura [ekainak 5-6-7] bitartean Alameda hesituta egongo da. Obragaz arduratuko diren ibilgailuen sartu-irtena segurtasunez bermatu ahal izateko, Alamedako eta Itsasaurreko tabernen terrazak kendu beharko dira.

Aurreko astean prestaketa lanak egiten ibili ostean, atzo [ekainak 3] hasi zituzten Plaiko Zubia desmuntatzeko lanak. Artibai ibaia hile batzuez zubirik barik egongo dela jakiteak, ikusmin handia sortu du herritarren artean. Atzo, esaterako, Artibai ibaiaren alde batetik edo bestetik igaro zirenek ez zuten galdu nahi izan zubiaren lehen zatia desmuntatzeko unea.
Goizeko lehen orduetan atera beharreko lehen zatia mozten aritu ziren, eta mozketa lanak amaitu ondoren, erreka ondoko pasealekuaren eta Calatrava Zubiaren inguruetan ipinitako garabi handiaren laguntzagaz eguerdi partean atera zuten lehen pieza. Tamaina handiko pieza atera ondoren, pasealekuan utzi zuten. Desmuntatze lanek gaur [ekainak 4] jarraitu dute.
Erreka ondoko bigarren zatia erretiratu du garabiak, baina uretara erori da. 15:00ak aldera, langileak zubiaren bigarren zatia atera nahian zebiltzala, zubiaren zati bat erori zaie uretara. Lekukoek esan dutenez, zarata handia atera du erorketak. “Langile bati 22.000 kiloko pieza igotzeko prest zegoela entzun diogu, eta jarraian, igo nahian zebiltzan zubi zatia erori egin da”. Udal ordezkariek agertu dutenez, antza denez, igo beharreko pisua uste baino handiagoa izan da, eta garabiak ezin izan du gehigizko pisua altzatu. “Pisua txarto kalkulatu dute. Garrantzitsuena da langileek ez dutela minik hartu”. Uretara eroritako zatia ateratzera lortzen dutenean, zati txikiagotan banatu, eta atzo ateratakoekin batera konponketa tailerrera garraiatuko dituzte piezak.
Egunotan egin beharko dituzten lanak direla eta, Ondarroako Udalak hainbat aldaketen berri eman nahi izan die herritarrei. Gaur, esaterako, erreka ondoko pasealekuaren zati bat itxita egongo da oinezkoentzat, baita Calatrava Zubiaren inguruak. Bihartik barikura [ekainak 5-6-7] bitartean, berriz, garabia Alamedako gunean ipintzeko asmoa dute, zubiaren beste aldeko zati biak ateratzeko. Hori dela eta, Alameda hesituta egongo da, eta obragaz arduratuko diren ibilgailuen sartu-irtena segurtasunez bermatu ahal izateko, Alamedako eta Itsasaurreko tabernen terrazak kendu beharko dira. “Gogoratu: obra eremura ezin daiteke sartu, eta obra arduradunen jarraibideak errespetatu”.
Zubia itxita dago 2016ko abuztuaz geroztik, eta lanak bederatzi hilabeteko epean amaitzeko asmoa agertu dute Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko arduradunek. Birgaitze lanei esker, zubiak biratzeko gaitasuna berreskuratuko du. Metodo artisau eran konponduko dute metodo tradizional erabilita, zubia eraikitako garaian egindako modura.
Desmuntatuko zatiak konpondu ondoren, piezak berriro jarriko dituzte ohiko tokian. Besteak beste, pasabidearen egitura eta behegaineko egurra konponduko dituzte. Barandak gorago ipiniko dituzte, herritarren segurtasuna bermatzeko. Zubiaren engranaje sistema ere konponduko dute, berriro ere birakari bihurtzeko. Mekanismo originalak nahikoa hondatuta daude, eta horretarako pieza berriak eraiki beharko dituzte.

Ondarroako Plaiko zubia, lehen zatia faltan duela. Argazkia: Elixane Albizu