Iñigo Prieto ondarrutarra eta Maddi Urizar arrasatearrak Txinako mugararaino joan-etorria egin dute, bizikletan
Arrasatetik Txinako mugaraino joan-etorria bizikletan egiteko ausardia izan dute Iñigo Prieto ondarrutarrak eta Maddi Urizar arrasatearrak: 23.000 kilometro bizikletaz.
Ia bi urtez Europako eta Asiako hainbat herrialde bizikletan zeharkatzeko ausardia eduki du Iñigo Prieto ondarrutarrak. Abentura hori, baina, ez du bakarrik egin; Maddi Urizar neska laguna eta Larre txakurra izan ditu bidelagun.
2017ko apirilaren 21ean, bizikletak hartu, eta Itsaso Beltzerainoko etapa luzeari ekin zioten Arrasatetik. Baina aste gutxi batzuetako abentura izan behar zuena luzatu, eta, azkenean, 23.000 kilometro inguruko joan-etorria egin dute. «Asmo zehatzik gabe abiatu ginen. Hasiera batean, Itsaso Beltzera ailegatzea zen gure asmoa, baina, gustura genbiltzanez, bidaia luzatzea erabaki genuen», dio Prietok.
Goizero, gosaltzeko orduan, zein bide hartu behar zuten pentsatu, eta pedalei eragiten zieten, erritmo eta helmuga zehatzik barik. Modu horretara Frantzia, Alemania, Suitza, Eslovakia, Hungaria, Serbia, Bulgaria, Georgia, Turkia, Grezia, Azerbaijan, Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan, Kurdistan, Iran, Uzbekistan… hainbat herrialde bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuten.
Beste toki batzuk ezagutzeko asmoa ere eduki zuten, baina abenturari beste bide batzuetatik ekin zioten. Turkmenistanetik, esate baterako, ez ziren igaro. «Bost eguneko bisa ematen dizute, eta oso zaila da baimena lortzea. Hogei egun ere egon zintezke baimena emateko zain, eta gero ezezkoa jaso. Herrialdean, gainera, basamortu asko dago, eta, txakurrarentzat gehiegizko beroa arriskutsua izango zenez, herrialde horretatik ez igarotzea erabaki genuen».
Berrogeialdiagatik, ezin. Txinan ere sartu barik geratu ziren, txakurrentzako berrogeialdia ezarrita zegoelako. Mongoliara bidaiatzeko ideia, berriz, baztertzea erabaki zuten; hango neguak oso gogorrak dira, eta urtaro aldaketa gain-gainean zuten.
Afganistango muga-mugara ere hurreratu ziren, baina herrialde horretara sartzea ez denez oso gomendagarria, hara ere ez sartzea erabaki zuten. «Bertara igarotzeko gogoa eta aukera bagenituen, baina, segurtasunagatik, ez dute gomendatzen. Han, gainera, ez da ibiltzen txirrindulari askorik».
Ez zeukaten argi zein izango zen bidaiaren azken helmuga, baina hasiera-hasieratik argi eduki zuten Larre eurekin eraman behar zutela. «Argi genuen edozein tokitara ailegatzen baginen ere gurekin etorri behar zuela». Horretarako, txakurra eramateko bi gurpildun orga bat erosi zuten, «baina, proba egiteko irteeran, mendian barrena sartu, eta irauli egin zen».
Europan zehar txakurragaz bidaiatu ahal izateko, neurri bereziak hartu behar izan zituzten. Besteak beste, amorruaren aurkako txertoa eman
Aurrez erositako orgak balio ez ziela ikusita, beste bat prestatu behar izan zuten. Hainbat proba egin ondoren, ideia ona iruditu zitzaien maletak bizikletan eramateko gurpil bakarreko orgatxo bat erabiltzea. «Hori ez zen iraultzen. Larre eroso joan ahal izateko, umeentzako erabiltzen den otzara bat moldatu genuen, eta orgari ipini genion; listo geratu zen dena».
Europan zehar txakurragaz bidaiatu ahal izateko, neurri bereziak hartu behar izan zituzten. Besteak beste, amorruaren aurkako txertoa eman, osasun txartela egunean eraman, eta Europan zehar ibiltzeko pasaportea lortu behar izan zituzten. «Txerto denak eman ondoren, analisi kliniko berezi batzuk egin behar izan genizkion Larre-ri, ikusteko amorruaren aurkako txertoak eraginik egin zion edo ez. Esan ziguten derrigorrezkoa dela ziurtagiri hori eramatea, eta, agindu modura, gurekin eraman genuen. Esan zigutenez, amorruaren aurkako ziurtagiria eraman ezean, herrialde batzuetan txakurra hiltzera ere derrigortzen zaituzte».
Larre kontuan izan dute plan guztietan. Baita lo egiteko tokia aukeratzeko orduan ere; txakurra onartzen zuten tokietara joan dira. «Asko kanpatu dugu. Ahal izan dugun neurrian, inork ez ikusteko tokietan kanpatzen genuen, herrietatik nahiko hurre. Beste herrialde batzuetan, berriz, gasolindegietatik hurbil kanpatzen genuen, han erabilgarri dauden hainbat zerbitzu genituelako eskura».
Beste hainbat kasutan, berriz, etxeetan edo jendeak utzitako lokaletan atseden hartzeko lekua izan dute. «Asia erdialdean oso eskuzabalak dira, eta edozein tokitan lo egiteko lekua uzten ziguten. Hori bai, Larre-k kanpoan lo egin behar bazuen, guk ere bai».
Hainbat toki ezagutu dituzte bi urtetan, baina, horien artean, Kirgizistan eta Tajikistan modu oso berezian gogoratzen ditu Prietok. «Paisaiari dagokionez, oso ederrak dira, ikusgarriak. Pamir mendikatea eta inguruak ere edertasun berezikoak iruditu zitzaizkidan». Pamirren moduko leku garaietatik igarotzean, ordea, mendiko gaitzaren hainbat sintoma ere igarri zituzten. «Lekurik garaiena Pamir izan da. Ia 4.700 metro inguruko tokietan ibili gara. Garaiera handiko tokietan egon ginen bitartean, egunero buruko minez esnatzen nintzen eta neke handiagoa igarri nuen».
Muturreko beroa. Garaiera handiari ez ezik, muturreko beroari ere aurre egin behar izan diote. «Bero handia egin zuen Kazakhstanen. Ordurik beroenak saihesteko, 05:00etan esnatzen ginen, eta 10:00etan geratu, 45 gradutik gorako tenperaturak zeudelako. Gelditu, eta egun osoa ematen genuen bidean aurkitzen genuen zuhaitzen baten gerizpean, harik eta freskatzen hasten zen arte. Iluntzean, bizikletak hartu, eta lotarako tokiaren bila hasten ginen».
Edateko uragaz ere nahikoa buruhauste izan dituzte, eta, herrialde batzuetan ura erosteko lekuren bat aurkitzea zaila izango zela aurreikusita, 10 litrotik gora eramaten zituzten bizikleta gainean. «Txakurrak eta guk biok edateko, kozinatzeko… azkenean ur asko behar izaten da».
«Lehenengo negua, esaterako, Grezian lanean eman genuen». Olibak batzen, igerilekuak garbitzen, egurra mozten… askotariko lan txikiak egiten ibili ziren
Hizkuntzari dagokionez, berriz, ingelesez eta bidean ikasitako hitz gutxiekin ondo moldatu direla dio Prietok. «Herrialde bakoitzean sartu baino arinago, oinarrizko hitzez osatutako hiztegi bat egiten genuen. Eta, horrela ere elkar ulertzen ez bagenuen, imintzioka hasita nahikoa zen».
Baina dena ez da bidaiatu eta leku berriak ezagutzea izan. Abenturari eutsi ahal izateko, han eta hemen atseden hartu, eta beharrean ere aritu izan dira diru apur bat lortu ahal izateko. «Lehenengo negua, esaterako, Grezian lanean eman genuen». Olibak batzen, igerilekuak garbitzen, egurra mozten… askotariko lan txikiak egiten ibili ziren.
Bizipen ederrekin bueltatu direla azpimarratu du Prietok, eta, bidaia luzea egin ostean, «munduari beste begi batzuekin» begiratzen diola dio. «Erraz ahaztuko ez dugun esperientzia bat izan da. Erronka handia izan da guretzat. Txinako mugara arteko joan-etorria bizikleta gainean egiteko gai izan gara, txakurra alboan genuela. Gure kabuz egin izan dugu dena, eta pozik gaude».