Irrident, Koasta eta Auma proiektuek irabazi dute Lea-Artibaiko 13. Enpresa Proiektu Lehiaketa
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatzen den lehiaketara 24 proiektu aurkeztu dira aurten. Aurtengo lehiaketak, berrikuntza modura, lehen bi sarituei beraien proiektua ezagutzera emateko sustapen bideo bat oparitu diete.
Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza enplegu eta tokiko garapenerako zentroak urtero antolatzen duten Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sariak banatu zituzten barikuan [ekainak 7] Etxebarrian, Ekintzailaren Egunaren baitan. Ekintzaileen ahalegina eta lana saritzea helburu duen ekimenak bi modalitate (negozio ideia berritzaileena eta Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu negozio ideia onena) eta aipamen berezi bat (Emakume Ekintzaileari aipamen berezia) saritu zituen.
Negozio ideia berritzaileenaren saria Ainize Sanchez Larrinaga ekintzaile ondarrutarrarentzako izan da. Irrident hortz protesien laborategi proiektuak 2.000 euroko saria jaso du. Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu negozio ideia onenaren saria Ibon Pazos Ugalde ekintzale ondarrutarrak jaso du. Koasta proiektuagatik 1.500 euroko saria jaso du. Aipamen berezia Karle Beristain Barruetabeña ekintzaile ondarrutarren Auma proiektuak jaso du. Eskulanen sare bidezko salmenta proiektuak 500 euroko saria jaso du.
Aurtengo lehiaketak, berrikuntza modura, lehen bi sarituei beraien proiektua ezagutzera emateko sustapen bideo bat oparitu diete. Bestelako abantaila batzuk ere edukiko dituzte irabazleek: Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean dagoen enpresa haztegian kokatzeko erraztasunak izango dituzte; enpresa martxan jarri arte eta ondorengo urteetan aholkularitza eta laguntza jasoko dute erakunde antolatzaileen eskutik; eta erakunde antolatzaileek kudeatzen dituzten programa ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.
Lea-Artibaiko Ekintzaile Egunaren baitan gainera, herriko ekintzaileek ume eta gazteei zuzendutako hainbat tailer eskaini zituzten. Errekan egindako Stand-up paddle erraldoia izan zen arrakastatsuena, baina beste ekintzetan ere ume eta guraso askok parte hartu zuten. Ekimenari amaiera emateko, txokolatea eta bizkotxoa banatu zituzten.