Tradizioz betetako Pazko jaiak ospatu dituzte Oletan
Pazko jaiak oraindik amaitu ez badira ere, asteburuan Oleta auzora bertaratu diren amorotarrek zein inguruetako herritarrek beti-betiko esentzia gordetzen duten jaiez gozatzeko aukera paregabea eduki dute.
Urtero modura, tortilla txapelketagaz hasi zituzten zapatu [ekainak 8] iluntzean jaietako ekintzak. Kuadrillek zortzi arraultz opil goxo prestatu zituzten, eta lagunartean jan ondoren, kontzertuetan batu ziren. Nabil eta Modus Operandi taldeek jo zuten lehendabizi oholtza gainean, eta eguna argitu arte geratu zirenek Oxabi taldearen erromerian gorputzak astintzen eta eztarriak urratzen ibili ziren.
Jai batzordeko kideek adierazi dutenez, oso giro ederra egon zen zapatuan tortillak prestatzerako orduan, baita gaueko kontzertuetan ere. “Gau giro ederra egon zen, eta jende asko batu zen zelaian”.
Domekan [ekainak 9], berriz, mezaren ostean, herriko Arta Nagusi dantza taldearen emanaldiaren txanda ailegatu zen. Txikienetatik hasi, eta nagusienetara, askotariko dantzak eskaini zituzten 36 dantzariek zelaian batu zirenen gozamenerako. Eta familian edo lagunartean bazkaldu ondoren, bi erronka ikusgarri eskaini zituzten.
Mendaroko eta Amorotoko giza proba taldeek erakustaldi bikaina eman zuten. Proba egiten lehenengoak Mendaroko giza proba talde mistoa izan zen. Ordu erdiko saioa burutu ostean, 90 untzako marka lortu zuten gipuzkoarrek. Amorotoko talde sortu berria indartsuago ibili zen, eta Mendarokoek baino 21 untza gehiago egin zituzten; 111, denetara.
Jarraian, jai gunean zegoen edozeinek jai batzordekoek egindako desafioari erantzuteko aukera eduki zuten. Auzoan betidanik dagoen pisu ezezaguneko berun zati handia ahalik-eta gehienetan altxatzea izan zen egitekoa. Ikusmin handia eragin zuen erronkak, eta beruna altzatzera saiatu zirenetatik bakarrak lortu zuen beruna altzatzea. Bost minutuko tartean, denetara, hiru altzalda egin zituen Santurtziko Alexek, eta horrenbestez, beretzat izan zen 200 euroko saria ere.
Eta domekako ospakizunei amaiera emateko, Kantabriako bainuetxe bateko asteburuko egonaldia, urdaiazpiko iberiko bat eta kriantza ardo kaxa bat zozkatu zituzten. Hauek dira zenbaki saridunak: 2.182 (lehenengo saria), 1.116 (bigarren saria) eta 1.183 (hirugarren saria). Jai batzordetik jakitera eman dutenez, bi astez gordeko dituzte zenbaki horiek, eta zenbaki saridunak agertu ezean hauek izango dira ordezko zenbakiak: 1.961 (lehenengo saria), 1.663 (bigarren saria) eta 2.266 (hirugarren saria). “Lehenengo sariaren irabazlea bertan momentuan agertu zen”.
Hiru eguneko ospakizunak gaur [ekainak 10] gauean agurtuko dituzte Luhartz taldearen erromeriagaz eta striptease-gaz. Aurretik, arratsaldean, Bat, Bi, Hiru Festa animazio taldearen eskutik, puzgarriak, erraldoiak eta jolasak egongo dira umeentzat.