Aulestiko Urregarai eskolako ikasleak, kultur ondarearen zaindari
Urregarai Herri Eskolako hirugarren eta laugarren mailako ikasleek Azaro Fundazioak proposatutako proiektua eta Lekeitioko Arraguako sormen lantegian egindako artelanak batu dituzte.
“Lan hau izan dadila belaunaldi berrietan jakin-mina pizteko abiapuntua”. Horrela aurkeztu dute Aulestiko Urregarai Herri Eskolako bigarren zikloko ikasleek herriko kultur ondarearen azterketa jasotzen duen txostena. Aulestiko historia, pertsonaiak, mitologia eta artea ezagutzea, maitatzea eta babestea izan da beraien helburua. Hala, “herriko ondarearen zaindari” bihurtu dira gaztetxoak.
Bi proiekturen arteko batuketaren emaitza da Urregarai eskolako ikasleek aurrera eraman dutena. Batetik, Azaro Fundazioak proposatu bezala, Lea-Artibaiko herrietako ikastetxeek “herriko gida turistikoa” prestatu behar izan dute. Bestalde, Lekeitioko Arraguako sormen lantegian, ikasleek arte lanak egin behar izan dituzte, IKTak ere landuz.
Karta batzuen alde batean, herriko eraikin historiko edota pertsonaia esanguratsuak margotu eta atzean QR kodeak ezarri dituzte. “Telefono mugikorretako pantailak gainean jarri eta ezkutuko galdera bat azaltzen da, altxorraren bila pista-jokoan murgilduz. Herriko sekretuei erantzuna emateko pentsatu dugu”, azaldu du Arantza Garagartza Urregarai Eskolako irakasleak.
Karta jokoan baina, ez dira bakarrik aritu. Etxebarriko Manuela Zubizarreta Eskolako ikasleekin egin dute trukaketa: “Bi herriak harremanetan jarriz, Aulestiko eta Etxeberriko historia ezagutzeko aukera izan dute ikasleek”, dio Garagartzak. Aulestiko eskolako irakasleak argitu bezala, helburua teknologia berriak lantzea izan da, horregatik, bi herrien arteko trukaketa kultural eta historikoan parte hartzeko gonbidapena ere Skype bidez egin zieten Etxebarrikoei.
“Bi herriak harremanetan jarriz, Aulestiko eta Etxeberriko historia ezagutzeko aukera izan dute ikasleek”
Kultur ondarea aztertzen. Herriko historia besteei kontatzeko, lehenengo, jaso egin behar da: “Aulestiko gida turistikoa egitearen proiektua abiapuntu hartuz, beste pauso bat eman nahi izan dugu, kultur ondarea landu dugu herriko toki eta pertsonaia bakoitzaren garrantzia azpimarratuz”.
Herri hedabideak eta Aulestiko kultur ondarearen lanketaz arduratzen diren taldeen liburuak informazio iturri modura erabili dute, Jabier Aranguena Artako historialari eta idazlearen laguntzarekin. Harriak. Aulestiko ondare materialaren inbentarioa, Aulesti, Bizkaiko kondairak… liburuak izan dituzte esku artean.
Taldeka lan egin dute, eta bakoitzak bere betekizuna izan du: bozeramailea, komunikatzailea, IKT arduraduna, idazkaria… Denen artean jasotako informazioa zazpi ataletan sailkatu dute.
Lea-Artibai eskualdeari buruzko datu geografikoei eta herriaren historiari errepasoa egin diote Erdi Arotik gaur egun arte. Ikasleen ikerketa lanak Aulestia izeneko dorretxea, herriko lehena izan zen Alegia kalea, mendez mende herriak izan duen garapena, bertako bideak edota burdinolak jasotzen ditu. XX. mendeko populazio-ihesiak ere gogoratu dituzte bertan. William Anthony Douglass antropologo estatubatuarraren hitzak azpimarratuz, Aulestiak 60 urtetan populazioaren % 20 galdu zuela gogoratu nahi izan dute, baita herritarrek 1960ra arte ura etxera iturri edo erreketatik eraman behar zutela ere.
Jarraian, ikasle bakoitzak eraikuntza berezi bat aukeratu du. Garagaitzak adierazi bezala, “askok bere etxe propioa aukeratu dute, izan ere, Aulestiko etxe edo eraikuntza bakoitzak historia zein istorio propioa dauka”. Aulestia Dorrea ageri da lehendabizi, Argiñena Jauregia gero. Horiez gain, dorretxeari estuki lotutako Errota, Arrangiz Etxea, San Juan Eliza, Amulua, Kareaga, Ostatukua edota Zarrabenta eraikinak jasotzen ditu txostenak.
“Ondarearen zainketak ez du etenik izan behar; proiektu honi heldu nahi dionak badu lana”
Herriko pertsonaiei tartetxoa eskaini diete: “Ez bakarrik famatuak direnei, baizik eta guri jakituria helarazi digutenei ere. Gure aitona-amonei, esaterako”. Hala, batek aurkitu zuen bere aitonak txokolatea egiten zuela, eta etorkizunean berak ere ofizioari jarraipena eman nahi diola dio: Domingo Unamunok eta bere seme Claudiok 1933. urtean erosi zuten txokolate lantegia, eta “asto gainean” banatzen zuten urte dezente geroago furgoneta erosi zuten arte. Beste adibide bat da Lucia Olabarriarena: “Bizimodua aurrera ateratzeko ardi larruzko marragak edo galtzerdiak egiten zituen”. Etorkizunean, beraien arbasoek egiten zuten lanari heldu nahi diotela adierazi dute ikasle askok, “gaur egun herrian ez dauden horiek berreskuratzeko nahia agertu dute”, dio Garagaitzak.
Horiez gain, Teri Ibarrola ipuin kontalariak “magnetofoi batean grabatutako» eta 1970ean Arantzazu aldizkarian argitaratutako Lamiñienea ipuin mitologikoa gogora ekarri nahi izan dute ikasleek, baina baita Urregaraiko Tartalorena ere.
Herritarrei aurkeztu. Azkenik, Aulestiko txoko gogoangarrienak eta urtean zehar ospatzen dituzten jaiak zerrendatu dituzte. Proiektuan bildutako informazioarekin txosten bat egin eta herritarrei aurkezteko udaletxean ekitaldi berezia egin dute. Ekitaldi hunkigarria izan dela nabarmendu du irakasleak: “Umeek jendaurrean egin dute aurkezpena, benetako profesionalak bezala. Herriak eta eskolak bat egin dute, eta hori oso garrantzitsua da ondareak bizirik iraun dezan”.
Azaro Fundazioak proposatutako gida turistikoa egitearekin konformatu ez eta, ikerketa lan sakonagoa egin dute. Halere, Garagaitzaren esanetan, “proiektua irekita dago etorkizunean heldu nahi dionarentzat. Ondarearen zainketak ez du etenik izan behar, pertsonaiak, eraikinak falta dira oraindik ere txostenean, beraz, belaunaldiz belaunaldi proiektu honi heldu nahi dionak badu lana”.