Dantzartek 21 koreografia eskainiko ditu ikasturte amaierako emanaldian
Ondarroako Dantzarte dantza taldeak ikasturte amaierako dantza emanaldia eskainiko du domekan [ekainak 16], Zaldupe kiroldegian. 12:00etan hasiko da emanaldia, eta ordubete eta laurdeneko tartean, ikasturtean ikasitako 21 koreografia taularatuko dituztela aurreratu dute Dantzarteko arduradunek. “Emanaldi polita antolatu dugu. Zale denok gonbidatuta zaudete”.
Herriko dantzariek estilo ezberdinetako dantzak eskainiko dituzte: klasikoa, neoklasikoa, garaikide kutsua dutenak, hip-hopa… “Denetarik eskainiko dugu. Lehenengo era bateko dantzak eskainiko ditugu, eta gero txandakatzen joango gara, bat bestearen atzetik”. Eta horiek egiteko, 3 urtetik 20 urte bitarteko 118 dantzarik parte hartuko dute emanaldian. “Dantza taldeko den-denek parte hartuko dute, eta ikasitako guztia taularetzeko gogotsu daude. Haur gazteenen kasuan, gainera, jendaurrean eskainiko duten lehenengo emanaldia izango da, eta horientzat une oso berezia izango da”.