Zapatu eguerdian banatuko dituzte alkate makilak
Mutrikuko, Markina-Xemeingo eta Gizaburuagako udal gobernu aldaketak dira aipagarrienak. Alkate makilak hartu arren, herri batzuetan udal osaketa beranduago egingo da.
Udal osaketa berrira begira jarrita daude Lea-Artibai eta Mutriku herriak ere. 2015-2019 agintaldia amaitu ostean, zapatu [ekainak 15] eguerdian osatuko dituzte maiatzaren 26ko udal haustekundeetatik sortutako udal gobernu berriak herriz herri. Orduan hartuko dituzte 2019-2023 agintaldirako karguak herritarren bozkek hautaturiko alkateek eta zinegotziek. Herritarrak ekitaldietara gonbidatu dituzte.
Bertoko herriei dagokionez, Mutrikuko, Markina-Xemeingo eta Gizaburuagako udal gobernu aldaketak dira aipagarrienak. Mutrikun, orain dela lau urte galdu zuen alkate makila berreskuratuko du EH Bilduk. Joseba Palenzuelak 12:00etan udal areto nagusian hasiko den ekitaldian hartuko du alkate kargua, eta, aldi berean, udal berriaren osaketa egingo dute. Hori bai, udal eraketa osoa bizpahiru aste beranduago egingo dutela aurreratu dute. “Udalbatza horretan, batzordeak eta batzordekideak izendatu eta hautatuko dira, arduradunekin batera”.
Markina-Xemeinen, berriz, Luis Egurrola EAJren alkateak hartuko du aginte makila, 12:00etan hasiko den ekitaldian. Ondoren, Hirurok tabernako terrazan, pintxo-potea egingo dute. Gizaburuagan, berriz, zapatu eguerdira arte ez da jakingo nork ordezkatuko duen agintean Juan Migel Arostegi. Ibaibasoko bost zinegotziek 11:30ean batzarra egingo dute, eta 12:00ak aldera argituko dute zein izango den alkate berria.