Elkarlana oinarri hartuta osatu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko udalak
Mutrikuko udal gobernua EH Bilduren eskuetan eta Markina-Xemeingoa EAJren eskuetan dago gaurtik aurrera. Gizaburuagan, hautagairik bozkatuena izendatu dute alkate: Amaia Zabala Goikoetxea. Ilusioz ekin diete agintaldi berriei.
2023ra arteko udalak osatuta geratu dira gaur eguerdian, normaltasun osoz eta inolako ezustekorik barik. Aginte makila alderdiz aldatu da Mutrikun eta Markina-Xemeinen, eta gainerakoan azken lau urteetan modura mantendu dira. EAJko Joxe Angel Lizardik EH Bilduko Joseba Palenzuelari eman dio alkate makila Gipuzkoako herrian (bigarren agintaldia izango du alkate bezala) eta EH Bilduko Juanjo Txurrukak EAJko Luis Egurrolari Bizkaiko herrian. 12:00etan osatu dute udala bi herri horietan.
Palenzuelak 7 boto, Lizardik 4 (alderdi jeltzaleko zinegotzi batek ez du osaketan egoterik izan) eta Iñigo Agirre Berdeak Independenteak taldeko hautagaiak boto bat jasota, EH Bilduk hartu du Mutrikuko Udala kudeatzeko ardura. Bozketaren ostean, Berdeak Independenteak taldeko ordezkariak hartu du hitza. “Animo eta zorte onena opa dizuegu talde osoari datozen lau urteetarako. Gure agur eta eskerrik beroena hauteskundeetan gugan konfiantza izan duen hautesle bakoitzari, hurrengo gure lau urteetako lana, dedikazioa eta ilusioa beraiei eskaintzen diegu. Ez dugu bakarrik beraientzat lan egingo, herritar guztientzat lan egingo dugu, eta beharbada gure taldea udaletik kanpo geratzea nahi zuten herritarrentzat ere bai. Azken horiei, proposamen xume bat: bizitza eta udalaren kudeaketa kristal batetik txuri-beltzean ikusi ordez, interesgarriago bilakatu daiteke aurpegi ezberdinak dituen prisma batetik aztertzea. Hainbat kolore ezberdin proiektatzen dituen prisma bat”.
Palenzuelak hartu du hitza ondoren. Ilusioz zin egin du alkate kargua, eta halaxe, bideari ilusioz eta herritarrak ondoan dituela jarraituko diola esan du. “Gaurkoa ilusio eguna da niretzat, itxaropenerako eta pozerako unea. Ilusio eguna, ilusio handia daukadalako lau urteetarako jarria, pozerako, pozgarria zaidalako zuen denon ondoan egotea, eta itxaropenerako, alkate kargua mutrikuar guztien zerbitzurako modu egokian betetzeko itxaropena daukadalako. Espero dot zuen esperantza modu egokian asebetetzea. Eta hori hala gerta dadin bidea egingo dudala zin dagizuet, zin dagizuet pausoz pauso bidea egingo dudala herri honen alde, eta bide honetan zuok denok bidelagun izatea nahi nuke, mahai honen inguruan zaudeten danok eta mutrikuarron komunitatea osatzen dugun guztiok. Izan ere mutrikuarren etorkizuna oparoa izango bada, guztioi dagokigu lan egitea, bakoitzak bere tokitik”.
Egurrolak hartu du alkate kargua Markina-Xemeinen alderdikideen aldeko sei boto jasota. Lau boto jaso ditu Aitor Odiaga EH Bilduren alkategaiak (EH Bilduk bost zinegotzi ditu, baina koalizioko kide batek ezin izan du osaketan egon). Egurrolak eskerrak emateko baliatu du alkate modura eman duen lehen diskurtsoa. Eskerrik beroenak eman dizkie udalbatzar aretoan bildu direnei, eskerrak eman dizkie eta aipatu du Juanjo Txurruka azken zortzi urteetako alkatea, eskertu du Markina-Xemeinen parte hartze handia izatea udal hauteskundeetan eta beraiengan konfiantza jartzea; eskerrak eman dizkie bere taldekideei eta baita EH Bildukoei ere, herriaren alde lan egiteko konpromisoa hartzeagatik, eta eskerrak beraien familiei, ondoan egoteagatik. “Ilusioaz nago, markina-xemeindar guztien alkate nahi dut izan, eta horretarako, batzartuko gara EH Bildukoekin, denon artean herria aurrera eroateko eta herri hobea izan dadin”.
EH Bildukoei hitza emanda, Aitor Odiagak esan du oposizio aktibo bat egingo dutela. Beti ondoan daudenei eta azken urteetan lanean aritu direnei eskerrak eman dizkie Odiagak, besteak beste, Juanjo Txurrukari, azken bi agintaldietan egindako lanagatik. Herriko azken bost alkateen argazkiagaz amaitu da ekitaldia. Momentu hunkigarria izan da.
Bozkatuena, alkate. Gizaburuagan udal osaketa aurreko batzarrean erabaki dute zeinek hartu alkate kargua. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan herritarrek gehien bozkatu zuten hautagaiak hartu du azkenean alkate makila: Amaia Zabala Goikoetxeak (80 boto jaso zituen, bigarren bozkatuenari 15 botoko aldea aterata). Juan Miguel Arostegi Argoitia azken lau urteetako alkateak eman dio makila. Ilusioz bete eta taldean, guztien artean Gizaburuagarentzat lan egiteko konpromisoagaz ekin dio udal talde berriak agintaldiari.
Bigarren agintaldiari ekiteko gogotsu hartu dute alkate makila Ondarroan Zunbeltz Bedialaunetak (EH Bildu), Lekeition Koldo Goitiak (EAJ), Berriatuan Jon Arriolak (EH Bildu), Ziortza-Bolibarren Alberto Garrok (EH Bildu), Ispasterren Garbiñe Saenz de Buruagak (EAJ) eta Munitibarren Arkaitz Goikoetxeak (EH Bildu). Lehen agintaldia dute, berriz, Jone Ansotegik (EH Bildu) Aulestin eta Pedro Zenigaonaindiak (EAJ) Mendexan. Ibon Gabiola ere lehenengoz izango da alkate Amoroton. Azken agintaldian Gazteria eta Kirol alorren buru izan da Herri Kandidaturako hautagaia. Azkenik, hirugarren agintaldia hasteko gogotsu agertu da Jesus Iriondo (EAJ) Etxebarriko alkatea. Bera da karguan denbora gehien daramana.